ARTEA

Durangaldeko paisaiak eta jendea irudikaturik

Maiatzaren 21etik abuztuaren 1era bitartean, Durangoko Arte eta Historia Museoan Dario de Regoyos Valdes margolariaren erakusketa izango da ikusgai

Erakusketa honetan lehenengoz erakutsiko da Museoaren azken erosketa, Merkatua Durangon koadroa zehazki. Honen aurkezpena egiteko, erakusketa hau antolatu dute, Regoyos Durangon bizi izan zen urteetan pintatu zituen koadroekin, Durangoko eta Durangaldeko paisaiak eta jendea irudikatzen dituztenak.

Guztira bederatzi koadro biltzen dira, museokoaz gainera Bilboko Arte Ederren Museoko bi, BBK Fundazioko bat, Kutxa Fundazioko bat eta bildumazale partikularrek lagatutako beste lau koadrok osatzen dute erakusketa.

Erakusketaren antolatzaileek margolariaren datuak helarazi dizkigute: “Dario de Regoyos Valdes margolaria Ribadesellan jaio zen (Asturias), 1857ko azaroaren 1ean. Ikasketak Madrilen eta Belgikan egin zituen eta garaiko artista ospetsuenekin harremana izan zuen. Bere estiloa inpresionista bezala izendatu daiteke nahiz eta estilistikoki aldaketa batzuk azaldu bazituen ere. Aipatzekoak dira bere puntillismo garaiko koadroak. Atzerrian egon eta gero Espainiara bueltatu zen eta Bilbon ezkondu eta gero bizitokia Euskal Herrian finkatuko zuen hainbat urtez. 1905ean eta 1907an zehazki Durangon bizi izan zen, bere emaztea Santa Ageda psikiatrikoan zegoen bitartean. Garai honetan gure inguruko paisaia asko pintatu zituen eta horietako batzuk bildu nahi izan ditugu Regoyosen Durangoko begirada inpresionista erakusteko”.

Erakusketarekin batera hainbat jarduera paralelo antolatu dira, hala nola, helduentzako bisita gidatuak, edo haurrentzako tailerrak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button