ARTEA

Marrazki eta ilustrazioaren hiriburu bihurtuko da Gasteiz asteburuan

Atzo zabaldu zituen Montehermoso Kulturguneak Mazoka, Gasteizko V. marrazki eta ilustrazioaren azokaren ateak, eta igandera bitarte, bisitatu ahalko da bertan antolatu dituzten   ilustrazio sormenaz lotutako hainbat jarduera.

Atzokoan, Maite Gurrutxaga, Elena Odriozola , Noemi Villamuza eta Yolanda Mosquera irudigileak arduratu ziren Mazoka Baraja erakusketari hasiera ematen. Bertan, igandera bitarte, Fournier Karta Museoaren 150. Urteurrenaren harira, marrazkigile hauek ilustratu dituzten karta-sortako palo bana ez ezik, beste  40 karta erraldoi jarri dituzte ikusgai. Gainera, bertaratzen direnek marrazkilarien lanak erosteko aukera ere izango dute, bai jatorrizkoak, bai kopiak, edo baita formatu desberdinetako ilustrazioak ere.

Baina Mazoka aisialdi kulturaleko aukera ezin hobea ere  bada eta irudi grafikoaren eta marrazkigintzaren inguruan hainbat jarduera paralelo antolatu dira aurten ere.

Hartara, gaurko egitaraua Mazoka jaialdiaren inaugurazio ekitaldiarekin hasiko da 17:00etan , eta hiru egunez,  joko bisualekin eta ilustrazioarekin esperimentatzeko, eraikitzeko, ikertzeko edota jolasean ondo pasatzeko jolasak, haur zein helduentzako tailerrak, hitzaldiak, mahai inguruak, bisita gidatuak, antzerkia, Ilustramaratoia, Dibuteka, Photocall ilustratuak edota  musika festak hartuko ditu Montehermoso Kulturgunea, eta Dj eta zuzeneko kontzerturik ere ez da faltako.

Gaurko egitaraua osatzeko, beraz, 17:30ean, Ilustramaratoia jarduera egingo da, erretratu ilustratu bizkorrak egiteko tramankulu bat, barruan marrazkilari bat duena ausartzen direnei karikatura ilustratuak egiteko. 18:00etan, Gasteizko Id Arte Arte eta Diseinuko Goi Mailako Eskolaren eskutik, hitzaldiaren txanda izango da. ID Arte Euskadiko Goi mailako Diseinu eskola publiko bakarra da. Bertan, Barne Diseinu eta Diseinu Grafikoaren Goi mailako Irakaskuntza Artistikoen ikasketak egin daitezke,  bai lau urtekoak, eta bai  unibertsitate gradu baliokideak, edota Goi mailako Heziketa Zikloan, Animazio, Argazkilaritza eta Ilustrazioko graduak ere.

Eta gaurko egitaraua musikarekin eta jai giroan amaituko da. 21:00etan, Gasteizko marrazki eta ilustrazioaren azokaren V. urteurrenaren ospakizun  jaia egingo da eta horretarako, The Garage, Rock ilustratuko kontzertua izango da 21:30etan Mice taldearen eskutik.  Miren Narbaizak MICE (maiz) bere bakarkako proiektua aurkeztuko digu. Disko berria grabatu aurretik, kantu eta soinu berriak probatzen ari da zuzenekoetan eta Joseba Baleztena musikariak lagunduta, rocketik abiatzen diren askotariko estiloak eskainiko ditu Mazokan, gitarrak, bajua, sinteak eta ahotsak entzungo dira. Eta, festa luzatu nahi dutenentzat,  22:30etatik aurrera, aldiz, DJ saio ilustratua, Rata Jonesen eskutik.

Egunez eguneko egitarau osoa, hementxe duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button