MUSIKA

Markos Untzeta eibartar kantariak hirugarren diskoa kaleratu du apirirlean

Mississippi Euskal Herritik egindako ibilbide musikal bat da ibai amerikar honen zehar. Bluesetik hasi eta kantu mota honek izan dituen bilakaera ezberdinen moldeak erabiliz, folk forma soil eta biluzietatik pop-rock jantzi eta dotoreetaraino, tartean soul baladak, fanfare kaletar erritmoa eta New Orleanseko soinuak, country erritmoak… dena maitasun handiz eta artifizio gutxirekin, zuzen eta natural. Hori da Markos Untzeta kantariaren hirugarren diskoan aurki dezakeguna. Betiko musika lagunekin grabatutakoa eta Gaztelupeko Hotsak-ek kaleratuta.

Bere hitzetan hala azaldu du zertan den lan hau. “Diskoaren hastapenetan, ideak eremu itsu eta lanbrotsu bat ziren sasoian, izenburua besterik ez nuen. Mississippi, ibai handi bat. Jakina, lehenengo ideia garbia betiko metafora zaharra izan zen; ibaia aurrera doan bizitza bezala. Horregatik orohar diskoari halako bizizaletasun kutsu bat nabari zaio. Gero aurrerago zubiak eta ibaiak agertu zitzaizkidan edonon: ibaia betikotasuna duen hori bezala eta kontra jarrita zubiak, epe mugatu bat duena: zubiak erortzen ziren, zirautela ibaiak, bihurgune amaiezinak zizelatzen lur azalean. Baita ere zubiak pertsona arteko bide bezala, eta erortzen direnean eragiten dituzten hondamendien irudi. Ere bai ibaian ura dagoen bitartean bizirik den maitasuna, eta gureak iada ez darama urik…; denboraren aurrera bidea eta gu enteratu ere egin gabe ahaztura bilakatuz…”.

Markos Untzetak ahotsak, gitarra elektrikoa, akustikoa eta armonika jarri ditu lan honetan; Carlos Velascok, Daniel Merinok eta Pit Idoyagak gitarra elektrikoa; Txomin Guzmanek baxu elektrikoa eta gitarra akustikoa; Juan Uribek eta Edu Landetak bateria; Diego Lasherasek Hammond B3; Mikel Fernandezek pianoa eta glockenspiel; Manu Iturregik akordeoia; Juan Gumuziok banjoa; Asier Ituartek tronboia; Bihotz Gorospek ahotsak eta Saul Santolariak koroak, pandereta, eta grabazioaren arduraduna izan da.

Hotsak-ek bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button