Nontzeberri

Markina-Xemeingo III. Jazz jaialdia gaur abiatuko da

Uztailaren 18, 19 eta 20an, Markina-Xemeingo Jazz jaialdiaren III. edizioa  izango da. Hiru egun eta hiru talde protagonista, bakoitza bere estilo propioarekin. Gaurko saioa kalez kale izango da, eta beste biak, ostiralekoa eta larunbatekoa, Uhagon kulturguneko terrazan izango dira.

Broken Brothers Brass Band taldea gaurko protagonista izango da, eta Txertaketa izeneko euren laugarren lana aurkeztuko du. Musika alaia, New Orleanseko izpiritua eta kaleko bizitasuna zabaltzen ditu talde horrek.

Biharko saioan, Ghost Number & His Tipsy Gypsies taldea arituko da. Zortzi musikariz osatutako talde horrek country koipetsuaren tantak, 20. hamarkadako swing-aren fakzio zaharrena, calypso eta baita Tom Waits esperimentalaren ukituak zabaltzen ditu. 2017an beraien iraupen luzeko lehenengo lana kaleratu zuten, sustraidun musikari ikuspuntu berri bat emanez.

Uztailaren 20an, Haizea Martiartu Quartet taldearen txanda izango da. Haizea Martiartu Garcia saxofoi jole markina-xemeindarraren Folketik Jazzera proiektuaz gozatzeko parada egongo da. Markinarra izan arren Bartzelonan bizi da Haizea, eta bertan burutu du bere karrera musikala. Oso gaztea izanik ere (1991) oso ibilbide oparoa egin du dagoeneko, maila handiko musikarien ondoan. Euskal musika herrikoiari eskainitako omenaldia egingo du. Errepertorioan, euskal kantu ezagunak entzungo dituzue (Txoria txori, Aita Semeak, Aldapeko….) guztiak jazz erritmoan, baita Haizearen sorkuntza propioak ere.

Exit mobile version