Nontzeberri

Mariasun Landa: “Poesia lehenesten dugu zentzu zabalean”

Datorren asteburuan, uztailaren 14tik 16ra, poesia guztia bilduko da Eako Poesia Egunetan ekimenenean, eta bertako errezitaldi, musika kontzertu, hitzaldi eta antzerki ikuskizunekin literaturaz gozatzeko abagune paregabea izango duzue. Marrazkia azalean azala hitzetan izenburupean abiaraziko dituzten aurtengo jardunaldiak.
Bertan zer egongo den jakiteko eta egitasmoaren nondik norakoak jakiteko Mariasun Landarekin egin dugu berba.

Aresti, Ea herria, poesia,… Nola lotzen da hori guztia?
Arestiren eragina gugan handia izan zen bere garaian, zorretan gaude berarekin. Poema ederrak idatzi zizkigun Eatarroi (Eako koplak, Enaden begiak), horiez gain hemen ere idatzi zuen Josepa Mendizabal Zaldibian poema, eta aurten, bonbardaketatik 80 urte betetzen direnean, irakurriko ditugun Gernikari idatzitakoak, 1971ean.
Beste alde batetik Ele!Lauaxeta Lorca ikuskizuna ere izango dugu bertan eta Jon Maiak irakurriko du Lorcaren poema Arestik galegora itzuli zuena Ean zegoenean. Zirkularra, borobila gertatzen zaigu Arestiren obra eta urtez urte leku berezia merezi duela deskubritzen dugu, dena den, bidean ezagutu, berrasmatu, kritikatu, berreraiki egiten dugu gogoak eta pentsamenduak agintzen digun eran, beti askatasunez eta molde finko barik. Poesia zerbait bada askea izan behar da eta.

Zein da Marrazkia azalean azala hitzetan aurtengo leloaren izpiritua?
Artea eta literaturaren arteko harremanaz jardungo dugu aurten, eta hortik aurtengo leloa. Mari Luz Esteban irakasle eta poetaren poema honetatik hartu dugu leloa: “Kaligrafiarik dotoreenean marrazki bat jarri nuen azalean…”
Marrazkia azalean eta azala idatzi. Azala esaten dugunean, Paul Valeryren zentzua eman nahi diogu, azala pertsonaren atal sakonena dela idatzi baitzuen Valeryk.
Poesia Egunak lotuta izan dira beti Erramun Mendibelandaren margolanei, bere grabatuek jantzi dute gure egitaraua hasi ginenetik 2004 hartan. Hamalaugarren edizioa izango da aurtengoa, eta arte eta hitzen arteko harreman, begirada, modu horri buruz hitz egingo dugu, errezitatu…
Aurten Bost ilustratzaile, bost  margolarien lana izango dugu berton; batzuk zuzenean arituko dira ikuskizunetan.

Eako Poesia Egunak ekimenean antzerkia, elkarrizketak, kontzertuak,… biltzen dituzue. Literaturatik haratago?
Literaturatik haratago baino, nik esango nuke literaturatik abiatuta, oinarrian eta literaturarekin batera. Poesia lehenesten dugu zentzu zabalean. Uste dugu poesia dagoela antzerkian, kontzertuetako letrak poetikoak dira musikaz jantziak. Dantza daukagu aurten Hariak ikuskizunean, Harkaitz Canoren testuaz,… Hibridazioa ematen da gaur eguneko sortzaileen emaitzetan eta hortik edaten dugu Ean, literaturatik. Pentsamendua, debatea, ezinbestekoa da teorizatzeko, jakiteko nondik gabiltzan, eta hitzaldiak enkarguz egin ditugu aurten ere, gaiari lotuta galdetu diegu adituei: Xabier Gantzarainek eta Asier Manterolak Artea eta Literaturaren arteko harremanaz hitz egingo digute, perspektiba desberdinetik.

Urtero berrikuntzaren bat proposatzen duzue, edota poesiari errepasoa egin nahi diozue soilik?
Gai bati heltzen ahalegintzen gara, gure era xumean, herritar garen heinean. Formatu txikia da gurea baina ahalik eta sakonena izaten saiatzen gara.
Poesiari errepaso baino poesiari erreparatu nahi diogu, poesia irakurri eta ezagutarazi, disfrutatu giro bezeri batean, zaleen enkontruan.

Ekimenak ibilbidea egina du. Nola ikusten da gaur egun arte egindakoa eta etorkizuna?
Bidean ezaugarri batzuk hartu dituzte Poesia Egunek, ez aurretik erabakitakoak baizik eta esperientzian sortu eta finkatu direnak. Eszenatoki naturalen erabilera, gonbidaturen bat izan eta euskarara ekarri, emakumeen presentzia eta parte-hartzea indartu da, hitzaldien garrantzia, Zaldiarri liburuxka….
Etorkizuna aurtengoa da, urtero jaio eta amaitu egiten da gurea eta gogoa dugun bitartean eutsiko diogu. Ez gara instituzio bat, eta askatasunez transformatzen, aldatzen, edo egindakoari eusten diogu. Hemen ez dago plan quinquenalik.

Nola baloratzen duzue Erramun Landaren urteroko arte-ekarpena?
Ezin da ulertu Eako Poesia egunik ez bada Erramunen irudiari lotuta. Uste dut uztarketa edo lotura magikoa sortu dela, guztiz poetikoa delako bere obra. Aurten, gainera, Zaldiarri liburuxkarako ere eskatu dizkiogu ilustrazioak, eta 80 eta 90 hamarkadan egindako batzuk uztartu ditugu aurtengo Zaldiarrin, Lutxo Egiaren Hiri hori da hiri hau testua janzten dutelako ederki. Bilbo da gure hiria eta Bilbori dedikatuak dira ilustrazioak. 

Eta aurtengo programazioan zer nabarmenduko zenuke?
Anitza, kolorez betea dela esango nuke. Antzerkia, dantzaldia, errezitaldi poetikoak,musikaz eta ilustrazioz hornituak, espreski Earako, aipatutako hitzaldiez gain.
Begirada bat eman egitarauari eta ikusiko duzue. Bertoko sormena bizi bizia dagoela erakusten dugu, eta hurbil daukagunetik hartu dugu, askotan aukeratu beharra izan dugu, baina asko eta ona daukagu hemen. Hori da pozgarriena; euskaraz sortzen den kalitatea eta kantitatea!

 

Exit mobile version