LITERATURA

“Aresti eta bere garaia”, euskara biziberritzearen bidegaraiak xede Euskaltzaindiaren Egoitzan

Euskalgintza eta euskal kultura izango da xede gaur ostiralez, egun osoan zehar Euskaltzaindiak antolatu dituen jardunaldietan.  Urtero legez, Bilboko Udalak, Gabriel Aresti Elkarteak eta Euskaltzaindiak idazle eta euskaltzain bilbotarraren izena eta izana gogoratzeko antolatzen dituzten ekitaldiak, aurten gainera, Arestiren 85 eta Euskaltzaindiaren 100. urteurrenen ekitaldiekin bat egingo dute.

Arestik 60ko eta 70eko hamarkadan euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpenak erabakigarriak izan ziren. Hala, garai eta belaunaldi berriak ekarriko dituzte gogora jardunaldi hauetan, besteak beste, gau-eskolak, ikastolen mugimendua, Anaitasuna aldizkaria…

Aresti eta bere garaia. Hizkuntza biziberritzearen: inguruabarrak (1960-1975) goiburupean09:30etan Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Andres Urrutia Euskaltzain buruak eta Xabier Monasterio linguista eta idazleak emango diote hasiera egunari. Ondoren, Iñaki Ziarrusta (Atx Teateroa) eta Oier Guillan euskal idazleek, Mailu biluzia antzezpenarekin, Batuaren hastapenak, Baionatik Arantzazura hitzaldiari emango diote txanda. Bertan Xabier Kintana  Euskaltzainak hartuko du hitza 10:00etan. 10:30ean, 60ko hamarkadako kulturgintzaren garaiko ikuspegi bat emango digute Maite Idirin euskal abeslari eta Ez Dok Hamairu mugimenduko kideak, Jokin Apalategi idazle eta bere senarrak, eta Ur Apalategi idazle eta bien semeak.

11:00etan halaber, Arantza Garmendia eta Iñaki Zarraoak irakaskuntza arloa izango dute ardatz, hain zuen ere,  60. eta 70. Hamarkadako materialgintza eta SAIOKA ikas-metodoa. Kaferako tartxoaren ondoren, 12:00etan, Jose Ramon Etxebarriak  ingurumaria horretan sortu ziren Anaitasuna edota Jakin bezalako argitalpenen inguruan arituko da, Miren Rubio moderatzaile lanetan arituko dela. Eta 12:30etan Iñaki Aldekoak,  1960-1975. Euskal literaturaren bizkortzea  izango du xede , Iñaki Mendizabal Elordi kazetaria gidari duela.

Eta egunari amaiera emateko, musika eta poesiaren tartea izango da. 19.00etan hasiko den ekitaldian, Rogelio Botanz eta Rafa Rueda musikariak, Arestiren poema musikatuak eskainiko dituzte Udane Goikoetxeak egingo duen irakurdaldian.

Antolatzaileen esanetan, “60ko eta 70eko hamarkadak erabakigarriak izan ziren euskalgintzan. Gazte belaunaldi batek hartu zien lekukoa garai bateko idazle eta kul­turgileei. Inguruabar horretan sortu ziren, besteak beste, gau-eskolak, ikastolen mugimendua, Anaitasuna aldizkaria, Lur argitaletxea, Ez Dok Amairu, Gaur, Emen, Orain eta Danok taldeak… Marko horren barruan ere antolatu zen Euskaltzaindiaren 1968ko Arantzazuko biltzarra, 1964an Baionan egin zenaren segida historikoa. Gabriel Arestik berta-bertatik bizi izan zituen gertakari horiek, eta giro berriaz blaitu zen, goitik behera. Blaitu bakarrik ez; bera izan zen suspertze prozesu horren eragileetako bat”.

https://www.euskaltzaindia.eus/euskaltzaindia/komunikazioa/plazaberri/5668-gabriel-aresti-eta-bere-inguruabarrak-mintzagai-ostiral-honetan

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button