MUSIKA

Maria Arnal i Marcel Begés bikotearen kontzertuak abiatuko du Oñatiko Beratu jaialdia

Igandean hasiko da Oñatiko Beratu jaialdia Maria Arnal i Marcel Begés bikotearen emanaldiarekin, Santa Ana aretoan. Jaialdia hilaren  25era arte luzatuko da, eta udalerri horretako hainbat lokaletan  egingo da. Maria Arnal i Marcel Bages bikote katalanaz gainera, Delorean, Audience eta Lukiek taldeak izango dira.

Maria Arnal i Marcel Bagesek disko bakarra argitaratu du, 45 Cerebros y 1 Corazón, baina sekulako harrera ona izan du. Grabazioan folklorea, pop elektronikoa, fonotekako artxiboak, landa-grabazioak eta hitz poetiko eta kritikoak biltzen dira. Hala, 2016an, bikote katalanaren lana laudatuenetarikoa izan zen.
Aipatutako diskoaz gainera, iraupen laburreko beste bi disko dituzte: Verbena eta Remescles, Acoples I Melismes.  Bikotearen unibertsoan askotariko sortzaileen eraginak biltzen dira: Kate Tempest musikaria, Lewis Carroll idazlea, Alan Moore komiki-gidoilaria, Arca, Bjork musikariaren ekoizlea edo Alan Lomax etnomusikologoa.

Lomax, hain zuzen, bikotearen eragin azpimarragarriena da.  “Belaunaldien artean harreman musikala errazten duten pertsonak nire miresmen guztia dute. Bere historia oso inspiratzailea da, musikari balio ematen diolako, bizi-premia gisa”, dio Mariak. “Lomaxek liluratzen gaitu”.

Bikotearen kontzertuak, bestalde, oso espontaneoak eta dibertigarriak dira. “Bai, gai sakonak tratatzen ditugu, baina oso freskoak gara. Emozio handiko abestiak kantatzen ditugu, baina horrek ez du esan nahi uneoro melankoniatsu gaudenik, kar, kar”, dio Mariak.

Kontzertuez gainera, bestelako ekitaldiak ere izango dira Beratun, jaialdia topaleku ere bihurtzeko asmoz: solasaldiak, hitzaldiak, profesionalen arteko topaketak, haurrentzako egitaraua, zinekluba, eta abar. Durangoko Azokako Ahotsenea gunearekin ere elkarlana gauzatu dute, aipatutako ekitaldi batzuk garatzeko.
Hala, jaialdiak lau ildo nagusi ditu: profesionalen eta musikarien arteko topaketak; hitzaldiak; musika azoka; eta zuzeneko emanaldi akustikoak.

Antolatzaileen arabera, “Beratu jaialdiak euskal musika eszena garaikidearen nondik norakoak ezagutzeko aukera eskainiko du. Musika entzuteko esperientziaz gainera Euskal Herriko musikaren topagunea izango da. Astebetez musika-ezagutza partekatzeko topagunea izango da Oñatin, Euskal Musikaren nobedadeak eta korronte berriak ezagutzeko aukera eskainiz”.

Amaitzeko, aipatu Maria Arnal i Marcel Begés Leioan ere izango dira, ostiralean, KulturLeioan, 21:00etatik aurrera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button