BESTELAKOAK

“Mareak” Jaialdiak tradizioa eta abangoardia batuko ditu Bermeon

Urriaren 5etik 11ra bitarte egingo da Bermeon Mareak Jaialdiaren aurtengo edizioa. “Mareak Jaialdiak tradizioa eta abangoardia uztartu nahi ditu poesian, musikan, ipuinetan, antzerkian, performanceetan, dokumentaletan, hitzaldietan, zine forumetan…”. Bermeoko hainbat aretotara iritsiko da ekimena.

Urriaren 5ean hasiko da Mareak, Eneritz Artetxe ipuin-kontalariaren saioaren eskutik, Arrantzaleen Museoan, 19:00etatik aurrera. Jaialdiaren antolatzaileen arabera, “iluntasunean, epeletan eta lur barruan ontzen dira istoriorik beharrezkoenak (dira). Irudimenezko izaki arketipikoak, beldurren eta desioen jatorri zein isla, lilurazko munduetara eramango gaituztenak. Hain zuzen ere, gure lur azpiko ipuinetako protagonistak”.

Larunbatean, berriz, Nickel & Rose (Milwaukee, AEB) folk bikotea arituko da, Beleza Malandra gunean, 20:00etan, bai eta Acid Mothers Temple & The Melting Paraiso UFO (Japonia) psikodelia egitasmo lisergikoa ere, Kafe Antzokian 22:00etan. Igandean, halaber, Donostiako Inoren Ero Ni taldea arituko da, Beleza Malandran, 13:30ean. “Estilo aniztasunak eta abestien tempoekin egiten dituzten jolasek melodia aztoragarri, original eta ausarten zurrunbilo batean murgiltzen dituzte entzuleak”.

Astelehenean, Theory of Obscurity: A film about The Residents filma pantailaratuko dute, Kafe Antzokian, 20:00etan. Filma The Residents taldearen ibilbideari buruzko lana da.

Asteartean, baina oraingoan Nestor Bastarretxea aretoan, Emma Ruth Rundle & Jaye Jayle bikote estatubatuarra arituko da, 20:30ean. “Louisvillekoek soinu propiodun abestiak eskainiko dituzte, psikodelia, punk, americana, folk edo AEBetako hegoaldeko gotikoaren eraginekin”.

Asteazkenean, Kankinkabra Txistu Taldeak emanaldia egingo du, Kurtzioko Baselizan, 20:00etatik aurrera. “Musika tradizionalean, narrazioan eta dantzan zehar egindako bidaia, Bermeoko gizon eta emakumeak, egiten zituzten lanak, jaiak, kaleak, ohiturak eta berezitasunak gogoratzeko. Eta hori guztia folk musikarekin jantzia”.

Azkenik, ostiralean, Berako Petti musikariaren txanda izango da. Nafarrak Beleza Malandran joko du, bakarka eta formatu akustikoan, 22:00etan. “Berritzaile beti, rock, folk, soul, blues eta pop soinuak ederki batzen dira blues arima sakona duen ahotsarekin eta gitarra zarrastatzeko duen modu berezkoarekin”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button