ARTEA

“Mapamunditarrak”, nork bere baitan begiratzeko ispilu

Mapamunditarrak programak askotariko diziplinatako artistekin osatutako programazio ederra dakar Iruñera, topaketak, erakusketak, zinema proiekzioak eta zenbait sormen lantegi proposatuz. Ziudadelan, Iturramako Civivoxan, NUPen, Nafarroako Museoan eta Uharten eta Atarrabian garatuko da ekimena gaurtik hasita, datorren urriaren 26ra bitarte.

Aurtengo ekimenak, Andrei Tarkovskiren Zerkalo (Ispilua) filma aukeratu du  jardueren ardatz, eta ispiluaren metafora maileguan hartu du, nork bere baitan begiratzeko ariketa proposatuz.
Hala, banakako bost erakusketa, lau ikus-entzunezko proiekzio, argazki lantegia eta hiru artistekin topaketak aurkeztuko ditu egitasmoak, zuzendari errusiarraren kezketako batzuk azaltzen dituztenak. Komisarioa Alexandra Baurés (La Caracola Elkartea) da.

Gaur bertan, irailaren 26an, Topaketak Artistekin ondu da. Mapamunditarraken inaugurazioaren karietara, Ziudadelako erakusketak bisitatuko dira Javier Arbizu eta Julie Chaffort artistek gidatuta. Javier Arbiz eta Julie Chaffortekin batera, gainera, Concha Martínez Barretoren lana ere ikusgai jarriko da Iruñeko Ziudadelan.

Andres Galeanorekin izango da bigarren topaketa. Hitzordua, urriaren 4an, ostiralarekin, 19:00etan, NUPeko Sario eraikinaren aurrean izango da. Azken proiektuak jarri dituzte ikusgai Andres Galeanok berak eta Roger Omar artista plastikoak ere, NUPen eta Atarrabiako  Pilategian, hurrenez hurren. Erakusketa guztiak, urriak 27ra bitarte bisitatu ahalko dira.

Argazki-espekulazioak lantegia ere ondu da ekimenean, eta bertan, ispiluaren eta argazkiaren arteko lotura estua aztertuko da, arlo teorikotik nahiz praktikotik.  Lantegia, urriaren 5ean eta 6an, larunbatez eta igandez izango da, eta aurrez izena eman beharko da. Izena emateko epea, datorren igandean, irailaren 29an, itxiko da.

Egitasmo osoaren xehetasun guztiak dituzue iruñakulturada web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button