BESTELAKOAK

200dik gora ekitaldi hartuko ditu 46. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak

Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Ohi denez, erosteko aukera zabala izango da Landako Gunean, baina 200dik gora ekitaldiz gozatzeko aukera ere izango da. Horretarako ohiko guneei beste hiru berri gehitu zaizkie. Azoka abenduaren 4tik 8ra egingo da.

Hala, standak hartzen dituen Landako Guneaz gain, beste bost izango dira. Duela 20 urte abiatu zuten Haur Literatura Aretoan, duela lau urte abiaturiko Ahotsenea sortzaileen gunea, non 95 aurkezpen egingo diren bost egunetan, eta beste hiru berri: Irudienea, Szenatokia eta Kabi@.

Lehenengoa Euskara Elkarteen Topagunearekin elkarlanean atondu dute, eta euskarazko ikus-entzunezko sorkuntza bilduko du. Szenatokia, ostera, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin lankidetzan egin da eta euskarazko antzerkigintza izango du ardatz. Azkenik, Kabi@, sarean eta euskarri teknologiko berrietan euskaraz garatzen diren ekimen, egitasmo eta produktuen erakusleihoa izango da. Aurten, gainera, Euskarazko Wikipediaren 10. Urteurrena ospatuko da.

Gerediaga Elkarteko Jon Irazabalek esan duenez, Azokak beste forma eta kultur esparruetara zabaltzeko ahalegina egin du aurten, beti ere, “gure posibilitateen arabera, pausoz pausoz”. “Merkatu funtziotik aparte, kultur topaketarako espazioak ondu ditugu 200dik gora ekitaldi egiteko, hala nola, antzerki maratoiak, bideoklip emanaldiak, edo liburu aurkezpenak”.

Bestalde, aurtengo gonbidatua Galiziako Culturgal elkartea izango da. Izan ere, azokaren aurkezpen ofiziala Anton Reixa artista polifazetikoak egingo du abenduaren 4an, 12:00etan.

Durangoko Argizaiola, ostera, Iñaki Beobide donostiarrak jasoko du. Beobidek Herri Gogoa diskoetxea abiatu zuen 1967. urtean eta 1981. urtera arte iraun zuen.

434 titulu berri

Aurtengo nobedadeei dagokienez, 434 titulu izango dira: 313 liburu, 63 disko, 23 aldizkari, 9 bideo, 15 liburu elektroniko eta 11 bestelako argitalpen.

Partaidetzaren harira, 130 editore eta erakunde izango dira; iaz baino 13 gutxiago, baina 14 eskaera berri onartu dituzte.

Azkenik, stand kopuruari dagokionez, 9 gutxiago izango dira, guztira, 274. Murrizketa horien ildora, arrazoia egun bizi dugun krisi ekonomikoa dela aipatu dute Gerediaga Elkarteko kideek.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button