BERTSOTAN

Malen Amenabar nagusi Santurtzin, BBT udazkeneko bigarren kanporaketan

Santurtziko Serantes Kultur Aretoan pasa den domekan jokatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udazkeneko bigarren kanporaketako buruz burukoan Malen Amenabar (Larrabetzu, 1994) nagusitu da. Hala, finalaurrekoetarako txartela lortu du Amenabarrek, 480 puntu eta erdirekin, bere nagusitasuna erakutsi ondoren.

Malen Amenabarrekin batera, Eneko Abasolo Txabarri Abarkas bertsolariak bigarren postua lortu du 460 punturekin; Arrate Illaro Etxebarriak 458,5 puntu; Iñaki Iturriotz Zuluagak 427,5; Imanol Arrutia Azkuetak 394 eta Ekaitz Larrazabal Gutierrez Katxo 391,5 punturekin, bosgarren geratu da sailkapenean.

Beraz, Igorren jokatuko den finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 25ean Amenabarrek Imanol Uria algortarrarekin batera, Gernika Lumoko saioan 451,5 punturekin lortutako pasearen ondoren. Halere, gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetara pasatzeko aukerarik, kanporaketa saioak  amaitzean ikusiko dena.

Bertsozalez betetako Serantes Kultur Aretoan, giro aparta sortu da bertsolariek egindako lanarekin. Hala, zortziko nagusian eta ofiziotan, hiruna bertso eta beste hiruna, zortziko txikian kantatu dituzte. Puntua emanda halaber,  bertso bina zortziko txikian, eta hiruna bertso, hamarreko txikian eta ofiziotan. Kartzelako gaia, ‘atzo jendaurrean esandakoak esan ostean, lotsatuta zagoz’ izan da, bakarkako lanean osatu dutena, eta doinu eta neurri librean, beste bina bertsorekin. Lanaren puntuazio guztiak hemen.

Kanporaketa fasearen ostean finalaurrekoak jokatuko dira, eta final handia Bilbao Arenan izango da abenduaren 15ean.

Hurrengo kanporaketa urriak 21ean, Zornotza Aretoan  izango da 17:00etatik aurrera. Bertan, Aitor Esteban, Ander Elortegi, Ander Ucelay, Inazio Vidal, Txaber Altube eta Unai Mendiburu bertsolariak arituko dira buruz buru.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus  atarian salgai daude dagoeneko. Eta ohikoa denez, bertsozale bazkideek deskontuak izango dituzte. Kanporaketa zein finalaurreko saio guztietara joateko interesa dutenentzako ere, bonoak daude  eskuragarri.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa hainbat helbururekin jaio zen. Hala, bertsogintzaren oinarriak finkatzeaz eta garatzeaz gain, euskal kulturgintzari eta komunitate euskaldunari ekarpena egin nahi dio euskarazko kalitatezko sorkuntza eredugarri bat emanez. Horregatik, “txapelketa jendarte anitzaren isla izateko ahalegina da: genero, maila sozioekonomiko, adin, ideologia eta jatorri guztiak jaso eta islatu nahi dituena”, Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkartearen lehendakariaren esanetan.

Txapelketaren informazio guztia duzue Bertsozale.eus atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button