IKUS-ENTZUN

Makina bat film Bartzelonako Euskal Etxeak bideraturiko “Zinemaldian”

Datozen egunotan abiatuko da Bartzelonan Zinemaldia.CAT jaialdiaren 15. edizioa, eta martxoaren lehen egunetan bukatuko da. Aurten, 11 euskal film luze, horietarik 7 sail ofizialean, eta luzera erdiko zenbait izenburu pantailaratuko dira.

Otsailaren 20an, izango da lehen emanaldia, Cinemes Gironan, 20:00etan, Zauria(k) filmarekin (M. Irigoien, I.Saez, I. Oiz). Lana “eromena, gaizki egonak eta osasun mentala ikuspegi feminista batetik lantzen duen dokumentala da. Sufrimendu psikosoziala eta genero bizipenak uztartzen eta 9 emakumeren errealitateak barne hartzen dituenak. Izendatzen ez dena ez da ikusten, eta ikusten ez dena ez da existitzen. Narratiba, ilustrazioa eta poesia bezalako adierazpen artistikoen bitartez, psiko-patologizazio prozesuen eta sexu-genero sistemaren arteko loturez hausnartzea du helburu, gure iruditegiak, praktikak eta ondoezak kudeatzeko tresnen inguruan pentsatu eta sentitzeko. Zaurgarritasuna, zaintzak, gaizki egonak, kolektiboa, bazterrak, generoa… Zer da eromena?”

Asteburuko saioak honakoak dituzue: otsailaren 22an, hainbat lan pantailaratuko dituzte Euskal Etxean, 18:00etan: Anti, Erroitz, Sans Nom Sarea, Erraiak, eta Napardeath.
Igandean, Cinemes Gironan, 12:00etan, Lur eta Amets (Imanol Zinkunegi, Joseba Ponce); 18:00etan, Urpean Lurra (Maddi Barber); eta azkenik, 20:00etan, Soinujolearen semea (Fernando Bernués).

Datozen egunetarako egitarau osoa eta xehetasun guztiak ekimenaren webgunean topa daitezke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button