ARTEA

Makina bat argazki erakusketa, hitzaldi eta tailer “Bilboargazkiren” 13. edizioan

Udazkenarekin batera beti loratzen da Bilbon, Euskal Herriko Argazkilari Elkarteen Federazioak bultzatzen duen Bilboargazki jaialdia. Bilboko Udalaren eta BBKren laguntza duen ekimenak artistarik nabarmenenak bilduko ditu urrian “gure hiria argazkigintza zaleentzat erreferente bilakatzea lortu duen programaren bidez”. Aurtengo edizioko erakusketa gehienen ateak datorren astean irekiko dira, urriaren 1etik aurrera.

Bilboargazkiren hamahirugarren edizioaren barruan “hainbat estilo eta gai lantzen dituzten hamar argazki erakusketa bisitatu ahal izango dira hiriko zenbait lekutan urriaren amaierara arte”. Erakusketa horien egileak honako argazkilariak izango dira: Jose Benito Ruiz, naturaren argazkilaria, naturista, idazlea eta irakaslea bokazioz; Juan Pablo de Miguel, naturako eta hiriko paisaien argazkigintzan espezializatua; Valiente Verde erretratugile berezia; edo Ramon Serras, ezinbesteko erreferentea euskal argazkigintzaren barruan. Bai eta egile berriagoak ere, tartean, Ariane Roz bilbotarra. Urrundik etorritako egileak ere bertan izango dira. Hala, Xie Hailong argazkilari txinatar ezagunak Big Eyes erakusketa abiatuko du Deustuko Espacio de los Mundosen.

Irudirik ikusgarrienak hiriko hainbat tokitan paratuko dira, aurten, hemen: Abando-Elkanoko eta Burtsako udaltegietan, EHUko Paraninfoan eta Erakusketa Aretoan, Batzar Nagusietako Aretoan, Espacio de Los Mundosen, Café Iruñan, FNAC aretoan, eta aurten beste bi egoitza gehituko dira, Bilbao Centro eta Bizkaiko Abokatuen Elkargoa.

Aste honetan bertan abiatuko da argazkiz beteriko jaialdia  EHUko Bizkaia Aretoko Axular gelan. Bertan, Juan Antonio Palacios Eibarko argazkilari beteranoaren Harria erakusketaz gozatu ahalko da (urriaren 3an izango du inaugurazioa), non zuri-beltzeko 42 irudiz osatutako bilduma agerian izango den.

Aipaturiko egileez gain, 2019ko Argizaiola Sariko lan onenak ere ikusgai izango dira, Batzar Nagusietako erakusketa aretoan. Erakusketak Aitor Aranaren argazki irabazlea eta accesitak (Oskar Gaskon eta Andrés Indurain) erakutsiko ditu urriaren 7tik aurrera.

Ohiko erakusketez gain, bestelako jarduera paralelo ere antolatu dira, hala nola hitzaldi zikloak (bertaraturiko egileen eskutik) eta argazkigintza tailerrak. Azken horien barruan,  eta izan den harrera bikaina ikusita, aurten ere umeei (8 eta 13 urte artekoak, bakoitzak bere kamera eraman beharko du) zuzendutako hastapeneko argazkigintza ikastaroa errepikatuko da. Jarduera urriaren 27an, izango da, goizeko 10:30etik aurrera, Azkuna Zentroan.

Jaialdiaren webgunean duzue informazio guztia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button