MUSIKA

Maite Larburu kantariaren kontzertua, Hernanin

Gaur, apirilaren 11n, Hernaniko Biteri aretoan Maite Larburu kantaria arituko da. Berarekin batera Carlos Toroncher (klarinete baxua), eta Aida Torres eta Beñat Iturrioz (perkusioak) izango dira.

Maite Larbururen lehendabiziko bakarkako lana Hezurren azpian (Hotsak) da, eta horixe dabil haizatzen Euskal Herriko txoko askotan.

Hona hemen Harkaitz Canok musikariari buruz esandakoa: “Sasi guztien gainetik eta hezur guztien azpitik, kezkak eta minak modu jostalarian aurkezten dizkigu Maite Larburuk, organiko eta biluz, ludiko bezain poetiko, egia hauskortasunaren eremuetan dagoen jakitun. Zaratari muzin, xuxurlari oles. Lantuari uko, umoreari toles. Nor da Maite Larburu? Sendabelar bat kantu egina. Kantu-kontalari eta ipuin-kantalari bat. Biolinaren birtuoso bat, birtuoso izatea gehiegi axola ez zaiona. Bere lema: “Esan ezti edo esan gordin, baina esan dotore”. Surrealismo printzak eta zirrararen giltzak. Ereserkirik ironikoenak topatuko dituzu hemen eta berdin antiereserkirik serioenak. Baldosa bakarraren gainean dantzatzeko gai samurrak eta gauza minimoen zelebrantza sakonak. Eta, batez ere, topatzen hain zaila den hori: nortasun bereizia eta ahots besterenezina. Ibaiak bezain luze doazen melodia horiek labur egiten zaizkigu, ez genuke nahi itsasoratu sekula. Abesti hipnotikoek leun-leun garamatzate herrestan, modurik naturalenean egiten dute aurrera. Doinu nabigagarriak izateak ez ditu, hala ere, aurreikusgarri bihurtzen; inoiz ez dakizu ibaiaren kurba eta meandroek noraino gidatuko zaituzten, zein izango den hurrengo desbideraketa hitzetan edo melodian, zein ertzetan bukatuko ote den bidaia. Hezurren azpian zer dagoen jakin nahi? Ez duzu bisturirik beharko: disko hau jartzea nahikoa”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button