MUSIKA

Kaotikok hamar urteko ibilbidea bete du bere seigarren lanarekin

Gaur goizean Bilbon egin duten aurkezpen ekitaldian lau taldekide izan dira: Jhony (ahotsa), Xabi (bateria), Fonta (baxua eta koruak), eta Aguayo (gitarra). Laukotearekin batera Ritxi Azipuru Baga Biga diskoetxeko koordinatzailea ere izan da.

Ritxi Azipururen hitzetan, Racciona!!! lanean "betiko" Kaotiko agertzen da, hotsa, kantu labur, indartsuak, eta itsaskorrak. AEBetako Epitaph edo Fat Wreck zigiluetako taldeen antzera, esaterako, hardcore melodikoaren errege diren Bad Religion. Taldearen estiloaren harira, Xabi bateriak esan du estiloa ez dela aldatu azken hamarkada honetan, "eboluzio txikia izan dugu, gure estiloa beti izan da berdina, soinuaren aldetik, berriz, bai eboluzionatu dugula".

Sonuari jarraituz, lan honetan Haritz Harreguy ekoizleak Katarain estudioetan egin duen lana nabarmendu du taldeak; masterizazioaz Jonan Ordorika arduratu da, ordea. Diskoak hardcore melodikoa eta punk rocka besarkatzen duten 13 doinu biltzen ditu. Ritxi Aizpuruk, MCD, 1977ko punk rocka, eta Arabako punk ere aipatu du La Pollaren bidetik diskoaren soinua azaltzeko.

Kantuei dagokienez, koruei garrantzi berezia eman diotela esan du Xabik. Izan ere, kantuen ardatzetariko bat dira, "gure gunerik indartsuena da". Hortaz, disko honetan koruak eta ahotsa elaboratuagoak daudela nabarmendu du. "Gure musika sinplea da, eta ahotsak eta koroek berezitasun bat ematen die, haiei esker doinuak dotoreagoak eta itsaskorragoak dira".

Boskotea Iruñean izango da lan berria aurkezten. Hortik aurrera aurkezpen-bira potoloari ekingo diote, Euskal Herritik lehenago eta Estatutik gero. Data guztiak Kaotikoren myspace gunean ikus daitezke.

Azkenik, hamar urteko ibilbidearen balorazio positiboa egin dute: "hasieratik taldekide berdinak gaude, eta gure arteko konplizitatea handia da. Lokalean zein furgonetan ondo moldatzen gara".

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button