ESZENA

“Macbeth” euskaraz ekoitzi du Arriaga Antzokiak aurtengo denboraldirako

Gaur goizean, Arriaga Antzokiaren 2018-2019 denboraldiko egitaraua aurkeztu dute Nekane Alonso Arriaga Antzokiaren presidente-eragile eta Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak, eta Calixto Bieito Arriaga Antzokiko Zuzendari Artistikoak.

Hasieratik nabarmendu nahi izan dituzte Arriaga antzokiak dituen lau zutabe: nazioarteko proiekzioa lortu, Europan dauden antzokien maila berberean jarri arte; bertoko kultura euskalduna sustatu, hizkuntzari bultzada ematen zaion hein berean; Estatuko artistarik onenak Bilbora ekarri; eta publiko gaztea erakarri gizartean dauden balioak inplementatzeko.

Aurtengo denboraldian laurogei ikuskizun baino gehiago programatu dira, guztiak bizigarri, interesgarri eta ikusgarriak. Nabarmendutakoen artean, azpimarragarria da Alex Gerediaga zuzendari gazteak Macbeth euskaraz eta gaztelaniaz eszenara eramateko hartu duen erronka. Era berean Calixto Bieitok Mendi-Mendiyan, Usandizagaren konposizio liriko handia, zuzenduko du. Dido & Aeneas eta Garai zekenak izeneko obrak ekoizpen lan propioak dira Arriaga Antzokiarentzat, 2018-2019 denboraldi honetan.

Euskal ekoizpena eta euskarak ere bere presentzia izango du denboraldi berrian. Hala, Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko, antzerkiko  programazioak Ghero jasoko du. Jokin Oregi izango da Patxo Telleriaren obra horren zuzendaria. Horrekin batera, Ocaña eta Galerna obren estreinaldiak ere hartuko ditu. Biak ala biak Pabellón 6 aretoarekin lankidetzan burututako ekoizpenak. Azken horiek, halaber, Antzerkigintza berriak ekimenaren barruan kokatuko dira. Zaleek ere Erlauntza ikusi ahal izango dute euskaraz, Mireia Gabilondok zuzendutako Kepa Errastiren testua.

Eusko Ikaskuntzak ere bere ekarpena egin du, eta  beste euskal ikuskizun interesgarri bat bultzatu ere: Hamaika amaren seme (alaba). Azkenik, Donostia Antzerki Saria 2017 lortu zuen Kepa Errastiren Mami Lebrun eta Ander Lipusek zuzendutako eta Fuchs anaiek interpretatutako Zazpi senideko lanak ere Arriagara helduko dira.

Dantzari begira, eta hainbeste gauzen artean, Kukai Dantza taldeak Erritu eszenaratuko du, eta  Basurtun sortutako Beti Jai Alai dantza taldeak bere 50. urteurrena ospatuko du Arriagako agertokian. Azpimarragarria ere bada Mikel del Valle dantzari eta koreografo gaztearen sorkuntza berria: Agate Deuna. Emakumezko arketipoei buruzko lana da, Miren de Miguel sopranoaren lankidetzarekin.

Loraldia jaialdiak Arriagan estreinatuko du Kalaportu musika ikuskizunak. Agertokian zenbait abeslari eta bi idazle elkartuko dira, Joseba Sarrionandiaren testuak erabili dituzten abestietan oinarritutako kontzertu poetikoa eskaintzeko. Maddi Oihenart eta Jérémie Garat, Jabier Muguruza, Harkaitz Cano eta Maite Larburu, eta Miren Agur Meabe eta Eraul izango dira Arriagatik pasatuko diren beste euskal sortzaile batzuk.

Denboraldia potolo eta interesgarri dator. Dena ikusteko www.teatroarriaga.eus  duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button