ESZENA

“Macbeth” auto urdin batean Arriagara heldu zenekoa

Arriaga Antzokiak Shakespeareren Macbeth-en bertsio berritzaile eta apurtzailea aurkeztu du gaur goizean. Macbeth bera eta bere konplizea Opel zahar urdin eder batean gerturatu dira, Arriaga Antzokiaren ekoizpenaren aurkezpenean parte hartzeko eta azalpen guztiak emateko.

Macbeth euskaraz estreinatuko dute Arriaga antzokian (Jon Gerediagak egin du testuaren bertsioa), otsailaren 7tik 12ra, eta egun batzuk geroago, gaztelaniaz ere estreinatuko da, otsailaren 14tik 17ra.

Alex Gerediagak Shakespeareren klasikoaren bertsio modernoa zuzendu du, eta bere zuzendaritzapean,  Mikel Losada (Macbeth) eta Miren Gaztañaga (Lady Macbeth) antzezle talde bikainaren buruak, eta Kepa Alesso, Iñigo Aranbarri, Florentino Badiola, Arrate Etxeberria, Sandra Fdez. Aguirre, Na Gomes, Gabriel Ocina, Pako Revueltas, Leire Ucha eta Maria Urcelay aktoreak arituko dira.

Zuzendari bilbotarrak Shakespeareren tragedia “aztoragarri eta odoltsua” eszenara eramateko erronkari egin dio, “eta hasieran sekulako beldurra banuen ere, gero konturatu nintzen testua gure esparrura ekar nezakeela”.
Eszenatokian  antzezle taldearekin batera, eszenografiaren estetika bikainaz gozatu ahalko da, eszenako eta zineko kodeak erabiliko baitituzte. “zenbait bideo eta irudizko euskarri bisual erabiliko ditugu eszena bera indartzeko”, adierazi du zuzendariak. Macbeth horren estetika zaindua “oso deigarria izango da, oso elementu indartsuak dituen eszenan jartze desberdinarekin, irudimenez betetako ikus-entzunezko proiekzioak, argi joko liluragarriak, eta abar”

Beste aldetik, nabarmendu behar da antzezlanaren soinu banda Belako taldearen musikak osatzen duela , eta oso leku garrantzitsua betetzen duela lanean. “Musikarekin arazoa nuen harik eta Belako kontzertu batean ikusi eta entzun nuen arte. Orduan, soinu banda konposatzeko esan nien, baina agenda kontuak direla-eta ezin zutenez, euren musika hartu dugu, bai eta orain arte gutxi entzun diren grabaketa batzuk ere, eta moldaketa ederrak egin ditugu. Jarraitzaileak ez dira konturatuko Mungiako bandaren musika denik ere.”

Argi dago Shakespeareren lan batek antzezpen lan bikainak eskatzen dituela, eta horixe ere gertatu da hemen, eta gainera modu bikoitzean, talde artistiko osoa eta antzezleak esfortzu handia egiten dutelako Shakespeare euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean prestatzeko.

Euskaraz saioak honakoak dituzue:  otsailaren 7, 11, eta 12an, 11:00etan; eta otsailaren 9an eta 10ean, 19:30ean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button