ARTEA

Mabi Revueltak txikitako amets baten imajinarioa bildu du Bilbaoarten

Bilboko Udalaren ekoizpen artistikorako BilboArte zentroak Mabi Revuelta  artista bilbotarraren Sueños Fotomontados erakusketaren ateak zabaldu ditu. Artista honek zentroan bertan iaz egin zuen egonaldian ekoiztutako mezu eta irudi surrealistak nahasten dituen 31 collageen sail bat aurkeztu du, “irudia eta hitzaren arteko kolapsoaren emaitza “, artistaren esanetan. Erakusketa argazki muntai eta testuekin ez ezik, ikus-entzunezko batekin ere osatzen da.

Modu umoretsu eta  terrorearen artean aldatuz doan tonuan, artistak txikitan izaten zuen amets batek iradokitzen duen imajinarioa biltzen du bertan. “Gure irudimen sortzailean ametsen eragina ikertzen du, bai mugimendu surrealistan ikus daitekeen eraginean, eta baita subkontziente ameslariak mezu eran bidalitako egunerokotasunean ere”, argitu nahi izan dute BilboArte zentroko arduradunek.

Artistaren ametsaren foto-muntai literarioa bezala, Cerrar Mis Ojos, Prender El Bosque  pieza kokatu du Revueltak bere ondoan, oraintsura arte  Azkuna Zentroan ikusgai  egon dena. Eta  Historias del Onirismo deituriko seriea ere, erakusketa osatzeko:  sei foto-muntai eta 15 idatziz konposatutako pieza, “esna-aldian sortutako irudi onirikoen segida”, artistaren esanetan. Material bisual eta literario honek irudimen eta hizkuntza poetikoaren ahalmen sortzailean murgiltzeko gonbitea egiten du.

Gainera, erakusketa azaltzeko testu liburu bat osatu da. Gonzalez Saez artista izan da horren ardura izan duena, eta bertan, narrazio eran, bilbotarrak umezaroan izandako amets errepikakor baten intimitatea jasotzen da, baita horrek bere ekintza artistikoan izan dituen ondorioak ere. Hala, bi ataletan osatu du narrazioa: gaueko atala edo ume-ametsaren narrazioa; eta esna-aldia, amets honetan “enkriptatuako ezaugarrien analisi ludikoa”, La vigilia consciente  izenburua eman diona.

Mabi Revueltak (Bilbo, 1967) sorkuntza jarduna etxeko eta atzerriko museo eta arte erakusketa areto ospetsuetan erakutsi du. Batzuen artean, Bilboko Guggenheim Museoa; New Yorkeko  ISCP Museoa; New Yorkeko Museo Erotikoa; Gasteizko ARTIUM Museoa, Tenerifeko TEA Museoa; Madrilgo Casa Encendida aretoa; BilbaoArte Fundazioa edota  Bilboko Vanguardia eta Madrilgo Raquel Ponce galeriak.

Erakusketa datorren urriaren 18ra bitarte bisitatu ahalko da. Informazio osoa BilboArte, Bilboko Udalaren ekoizpen artistikorako zentroan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button