ESZENA

“Luz” Hondarribian eta “Janeten titia” Errenterian, Dantza Zirkuituaren eskutik

Datorren ostiralean, azaroak 29, Lasala Antzerkia konpainiak Luz  obra oholtzaratuko  du Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, 20:00etatik aurrera. Argia eta iluntasuna aurrez-aurre jartzen dituen dantza koreografikoa da. Konpainiak azaldu duenez, “itzalpekoaren argitzea. Sakratu denaren iluntasuna. Argitasunaren mundua eta iluntasunaren mundua; bien arteko kontrajartze hori da ikuskizunaren oinarria. Batetik, sakratua, garbia, delikatua, sotila, hauskorra dena azaltzen da, eta, bestetik, basatia, ankerra, piztia dena. Sortutako mundu bakoitzean ageri da hori guztia”.

Lasala dantza garaikideko konpainia, Judith Argomanizen zuzendaritzapean, etengabeko araketan ari da hizkuntza fisiko eta egungo estetika bat sortzeko helburuz, taldearen kezkak islatu eta kezka horiei erantzuteko. Konpainia 2013an sortu zen, eta orain arte zazpi obra sortu ditu; besteak beste, Microclimate, Trip, Now eta Hooked. Azken biek sariak jaso dituzte.

Janeten titia da, berriz, Errenterian Ertza konpainiak oholtzara eramango duen koreografia. Bertan, Janet Jackson abeslari ezagunak bere kontzertu batean bular bat erakutsi zueneko irudiak, munduari bira eman eta gertakaria eskandalagarritzat jo ondoren, epaitegietan bukatu zuenekoan oinarritutako istorioa kontatzen da. Asier Zabaletak zuzendutako ikuskizunak normala denaz eta ez denaz hitz egiten digu, gaur egungo gizarteek normaltasuna eraikitzeko duten moduaz, eta ekintza berberak batzuetan hartzen duen hainbesteko garrantziaz. Bere iritziz, “normaltasun subjektiboa da gizarteak eraikitzen duena, beti iritzi subjektiboetan oinarrituz”. Hitzordua: abenduaren 1ean, Errenteriako Niessen Aretoan,  19.00etan.

Diziplina ezberdinetako lau dantzarik -Maria Andres, Thiago Luiz Almeida, Caio Henrique de Souza eta Denis Martinezek -, “gizartean ezartzen diren arauak zalantzan jarriko dituzte, ikuslea imajinario zoro eta lotsagabe batean murgilaraziz. Gaur egungo gure gizartean oraindik indarrean dauden aurreiritziei desafio egingo diegu, lotsaren mugekin, eta onartutako moda eta moduekin jostatuz”.

Ertza konpainia Asier Zabaletak sortu zuen 2004an zenbait konpainiatan dantzari ,aktore edota sortzaile jardun ondoren. Hainbat dantza eta antzerki obra egiten parte hartu du eta zenbait  proiektu paralelotan ere ibili da. Konpainia horrekin ere, askotariko proiektuak egiten ditu: tailerrak, egonaldiak, sentsibilizazio-programak eta abar. Asier Zabaletaren obra batzuk, gainera, nazioarteko zenbait jaialdietan saririk  jaso dute.

Ikuskizunak, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Sarearen bitartez antolatutako Dantza Zirkuituaren ekimenaren egitarauaren bitartez eskainiko dira, eta bere hamabosgarren edizioan, urte osoan zehar, 80 emanaldi eskainiko ditu, Euskal Herriko 26 agertokitan. Abenduan, aurten programatutako egitarauaren azken txanpari helduko dio.

Xehetasun guztiak Dantza Zirkuituaren webgunean dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button