MUSIKA

“Lurralde berriak” Iker Martinezen bakarkako lan berria kalean da

Iker Martinez oñatiarrak bere bigarren bakarkako diskoa kaleratu berri du Almehuna zigilupean. Oraingoan hamaika kantu batu ditu Lurralde berriak izenburuaz autoekoiztutako diskoan, ahotsa eta gitarra akustikoa ardatz dituena, dotore eta mimoz atonduak.

Itzalen mundua 2017an kaleratutako diskoaren kutsu intimista eta soinu akustikoa alboratu gabe, kutsu amerikarreko rockera eta  pop doinuetara hurbildu da oraingo lanean, Ryan Adams, The Black Crowes, Bruce Springstee, REM, Oasis edota Lucinda Williams bezalako musikariak erreferente izanik. Baina diskoaren nobedaderik azpimarragarriena organoaren eta pianoaren erabilera da, Fredi Pelaez musikari lazkaotarraren elkarlanaren emaitza. Fredi Pelaezek egindako kolaborazio horretan eta elkarlan horri esker,  kolore eta ñabardura ugari gehitu dizkio lan berriari, “berez sinpleak diren doinuak oso era dotorean jantziaz”, aitortzen du Martinezek. Hala, organoa, pianoa edota  wurly-a erabili ditu Pelaezek bere kolaborazioan eta horrek “benetako musika esperientzia osatu bat proposatzen dio entzuleari”, gaineratzen du abeslari oñatiarrak.

Kantuen hitzek  bakarlariaren barne sentimenduez hitz egiten dute. Diskoetxeko arduradunek baieztatzen dutenez, “esan daiteke Iker ez dela ezkutatzen eta berak sentitzen duenaz eta ikusten duenaz hitz egiten du. Bai kanpoan eta bai, batez ere, bere barruan. Bere buruaz idazten du”. Hala, askatasun pertsonala, maitasuna, galera, tristura, bizitza erdiko krisia, heriotza, aurrera egitea… dira hortaz bere kantuetan azaleratzen dituen sentipenak. “Hitzak, nire bizitzaren momentuko erradiografia dira, mamuak uxatzeko, eta barruan daukana ateratzeko bidea”, gaineratu du bakarlariak.

Latzen taldean hasi zen Iker Martinez (1977) nerabezaroan musikaren munduan eta gerora, bere ibilbidean, Potemkin, Amonal edo Lenao taldeetan gitarra jotzaile aritu ondoren, orain bakarlari ari da musikaren mundu hori esploratzen.

Lan berria entzuteko aukera, Badok euskal musikaren atari digitalean duzue. Eta diskoaren xehetasun gehiagorako,  hementxe.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu