MUSIKA

Lurra eta Hesian taldeen lan berriak

Iñigo Muguruzak eta Ane Garciak zuzentzen duten Lurra talde akustikoak Akatsa sisteman izenburuko lana plazaratu du. Disko honetan, baina, sonoritate akustiko hori harago eraman, eta askotariko estiloekin nahastu dute.

Bada, grabazio berrian soinu eta erritmo anitz entzungo dira: indie-folk, world, blues, reggae, ragtime, ska, jazz, dub….
Estudioan, gainera,  hainbat musikari izan dira; tartean, Xabi Solano, Petti, Maite Neighbor, Jon Elizalde Jontron, Sergio Patxuko, Oskar Benas eta Xabi Dols.

Muguruza eta Garciaz gain, Lurra bandan Carlos Zubikoa Sagarroi taldeko baxu-jotzaileak eta Ander Larrañaga darbuka eta kajoi jotzaileak ere jotzen dute.  Kantuen letra gehienak Garciak egiten ditu, eta gaiei dagokienez, gure planetak bizi duen egoera da ardatzetako bat.

Diskoa ostegunean, urriak 30, Donostiako Doka Kafe Antzokian aurkeztuko dute, 12:00etan.

Hesian taldearen seigarren lana

Bestalde, Hesian talde nafarrak ere lan berria aurkeztu berri du, Hegalak astinduz (Baga Biga). Grabazioa Usurbilgo Higain estudioetan egin dute Haritz Harreguy teknikariaren zuzendaritzapean.

Taldeak jakinarazi duenez, disko hau grabatu baino lehen lan asko egin dute lokalean; beraz, estudioan kantuak biribildu dituzte. Emaitza, aurreko lanak baino disko rock zaleagoa da. Aldaketa horretan eragin nabarmena izan du Iker gitarra-jotzaile berriak, zeinak rock kutsuko indarra gehitu dion Hesian taldearen jario biziari.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button