IKUS-ENTZUN

Lumaz harro

Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans 16. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak aurtengo edizioko kartela aurkeztu du gaur. Edizio honetan jaialdiak genero-adierazpena landuko du kartelaren bidez. Zinegoakeko aurtengo edizioak “bakoitzak nahi duen modukoa izatea eta adieraztea” aldarrikatuko du, “nahi duen moduan eta nahi duen lekuan”.

Edizio honetako kartel ikusgarrian Cassandro el Exótico borrokalari mexikarraren erretratu bat agertzen da. “Cassandro mundu mailako txapelduna izan da hirutan, eta borroka libre mexikarrean bere orientazioa lau haizetara zabaldu duen aitzindarietakoa izan da. Izan ere, kirol hau oso maskulinizatua eta matxista da. Irudi honekin, jaialdiak aldarrikatu gura du ez dagoela zertan mugarik egon genero-adierazpenean”.
Argazkiaren egilea Katie Orlinsky da eta New Yorker hedabidearentzat egindako erreportaje baten baitan agertu zen. Bere argazkia Zinegoakeko aurtengo edizioko irudi ofiziala izango da, eta horretaz gainera, Marie Losier zuzendariaren Cassandro el Exótico dokumentalaren proiekzioa ere programatu da.

Zinegoak Elkarteak sexu-aniztasun, identitate eta generoarekin lotutako kontzeptuak lantzen ditu, sexu-orientazioarekin batera. Aurten landuko den eremu nagusia genero-adierazpena izango da. Kartelean agertzeaz gain, gai hori programazioan ere agertuko da, eta horren barruan The man who surprised everyone film errusiarra ikusi ahal izango da. Film horrek Bordeleko Zinema Independientearen Jaialdiko Erasmus Plus saria jaso zuen. Sail ofizialean ikusiko den beste lan bat Bertrand Mandico zuzendariaren Les garçons sauvages lana da. Pelikula honek oso kritika onak jaso ditu nazioartean eta Cahiers du cinemak 2018. urteko pelikularik onena dela adierazi du.  Xake Produkzioen Lur umeentzako antzezlana ere ikusgai izango da.

Laster batean,  Zinegoak bere programazioa eta gonbidatuen zerrenda jakinaraziko du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button