ESZENA

Lorca, Lauaxeta eta Alan Lomax

Hainbat kontu interesgarri ondu dute Iruñean aste honetarako. Etzi, Kondestable Civivoxan, Ele! Lauaxeta-Lorca  kontzertua izango da Jon Maia bertsolariaren eta Jesus Prieto, Gorka Hermosa eta Ana Salazar  artisten eskutik.

Iruñakulturada webguneak bidali digun oharrean azaltzen da zertan den ikuskizuna: “Lorca eta Lauxeta, Lauaxeta eta Lorca, bi idazle, poeta ikonikoak, zein bere kulturan. Bi pertsona horiek modu berean harrapatu zituen heriotzak, urtebeteko aldearekin fusilatu zituzten biak Francoren diktaduraren hasieran. Biak hil ziren gazte, askatasunaren aldeko borrokan. Bat poeta errepublikanoa izan zen, Andaluzian jaioa; bestea berriz, euskal lurrean jaiotako poeta abertzalea. Urruneko bi mutur diruditen arren, oso jende gutxik daki euren bizitzek bat egin zutela uneren batean. Bi poeten obra ardatz hartuta, obra honetan hitzak, musika, irudiak eta antzerkia erabiliko dira erakusteko hain urruneko diruditen herri eta kulturek bat egin dezaketela gizakiaren funtsezko balioetan, uneren batean aurrez aurre egonda ere”.

Hurrengo egunean, ekainak 14, osteguna, 20:30ean, Kantu eta hitza 2018 zikloaren barruan, Miel Otxin taldeak, Lauarin dantzariekin bat eginik,  Alan Lomax in memoriam kontzertua eskainiko du Iruñeko Erraldoien txokoan. Mielotxin herri-musikarekiko konpromisoa da, eta Alan Lomax in memoriam taldearen laugarren lana da. Dakikezuenez, Alan Lomax etnomusikologo ipar-amerikarra 1952an Nafarroako zenbait herritan kantuak eta melodiak biltzen ibili zen eta lan hori oinarri hartu du taldeak bere lan berria ontzeko. “Taldeak zenbait grabazio aztertu ditu, eta horietako batzuk haien estilo propiora egokitu ditu. Euskaraz eta gaztelaniaz kantaturiko folk melodien 12 piezek osatzen dute disko hau; batzuetan konposizio propioak dira, eta beste batzuetan, euskal musika tradizionalaren moldaketak. Instrumentu herrikoien aniztasunak eta piezen samurtasunak, Lauarineko dantzarien dantzen indarrarekin batera, ikuskizun bisual handia bilakatuko dute kontzertu hau”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button