IKUS-ENTZUN

Jean Vigo-ren “L’atalante” zuzeneko musikarekin jantzita, Bilbon

Bilboko FAS zineklubak eta Bilboko Institut Français-ek emanaldi berezia ondu dute lankidetzan, izan ere, gaur, El Carmen aretoan, 19:45ean, Jean Vigok zuzendutako L’atalante (1934) eta À Propos de Nice (1930) filmak zuzeneko musikarekin ikusi ahalko dira.

Josetxo Fernández de Ortegak jarriko die musika bi filmei. Sylvie Larroque eta Simon Blondeau Cinema L’Atalante-Baiona-ko zuzendari artistikoek emanaldia aurkeztuko dute.

Vigok filmatutako lan luze bakarra da L’atalante, 70 minutukoa, oso gazte hil baitzen, tuberkulosiak jota. À propos de Nice, berriz, 30 minutu inguruko lana da; beste bi film labur gehiago baino ez zituen filmatu, Taris, roi de l’eau (1931), eta Zéro de conduite (1933).

L’atalante filma Vigoren maisulana da: gazte marinel baten eta bere emaztearen arteko maitasun-istorioa biltzen du, kargaontzi txiki batean. Ontzian pilotu zahar ere bizi da. À propos de Nice, ostera, zine-saiakera satirikoa da, 1920 hamarkadako Niza hirian zeuden desberdintasun sozialak biltzen dituena, burges udatiarren kontrako erasoa da.

FASen arabera, “haurtzaro eta gaztaro nekezen ostean (bere aita espioitzan aritzeagatik kartzelaratu eta bere gelan urkatua aurkitu zuten), aitaren irudi politikoa birgaitzen saiatu zen, sozialista katalan ezaguna berau, eta aldi berean, 31 urterekin hilobira eraman zuen tuberkulosiaren aurka borrokatu behar izan zuen”.

Vigoren lanek oso harrera txarra izan zuten bere garaian, sasoirako aurreratuak eta iraultzaileak baitziren.

Informazio gehiago: cineclubfas.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button