ESZENA

Loraldia Festibalaren bigarren asteburuan, dantza protagonista

Loraldia Festibalak dantzari loturiko hiru ikuskizun berezi programatu ditu asteburuari begira. Martxoaren 17 eta 18an Kukai dantza konpainia, Oinkari dantza taldea eta HIKA Teatroa eta Mizel Théret-Treversee dantza konpainiaren eskutik ikusgarri ederrekin gozatzeko aukera egongo da.

Hala, martxoaren 17an, HIKA Teatroak eta Oinkari Dantza Taldeak Sagartu ikuskizuna eskainiko dute Campos Antzokian. Lan hau lehenengoz egingo da antzoki batean, aurretik kalean antzeztu baita. Sagartu “kaleko ikuskizun multidisziplinarra gisa sortu zen, zuzeneko musika, antzerkia eta dantza lotzen dituena. Sagarra da oinarria eta abiapuntua, umorez, alaitasunez eta bizi-bizi, gure herrian ez ezik, paradisuko garaietatik hona izan dituen esanahi guztiak plazaratzen dituena”.

Hurrengo egunean, martxoaren 18an, goizean, Kukai Dantza Konpainiak Oteizak 110 ikuskizuna antzeztuko du Euskalduna Jauregian; eta arratsaldean La Fundiciónen Treversee dantza konpainiako Mizel Théret dantzariak Lekeitioak lana estreinatuko du.
Lehena, Oteizak 110 Loraldia Festibalerako bereziki sortua izan da eta festibala honetan bakarrik izango da ikusteko aukera, ez baita berriro errepikatuko. Gainera, ikuskizun honek badauka beste berezitasunik: “alde batetik, espazio berezietan plazaratzeko koreografia bat da eta helburu horrekin sortu da. Euskalduna Jauregia izan da aukeratu den espazioa eta hormetan Oteizaren artelan batzuen irudiak proiektatuko dira. Bestalde, artelan, dantzari eta publikoaren arteko interakzioa bilatzen du eta horretarako bost dantzariak publikoaren artean kokatuko dira”.

Asteburu berezia Lekeitioak ikuskizunarekin bukatuko da. Bakarkako dantza ikuskizuna da Lekeitioak eta, izenak dioen bezala, Mikel Laboaren lanik esperimentalenean inspiratuta dago. Mizel Théret Miarritzeko dantzariak sortutako lana da, ideia, koreografia eta dantza bere ardura direla. Bakarkako dantza honetarako, “Laboaren musikaren interpretazio aske bat sakondu nahi du, artifiziorik gabekoa, garrasiari lotua, soiltasunaz eta barnetasunaz egina. Bidaia bat, kantu eta dantzaren, mina eta itxaropenaren, zoramena eta lirikotasunaren, garrasi eta askatasunaren bideetan”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button