MUSIKA

“Lobotomiak”, Revolta Permanent taldearen disko berria kalean dago

Revolta Permanent Barakaldo eta Mungia arteko taldeak bere laugarren diskoa kaleratu berri du Baga Biga Produkzioak disko etxearen eskutik: Lobotomiak. Gaur egin dute diskoaren aurkezpena eta lan berriarekin batera, albumeko hirugarren R abestiaren bideo klipa ere aurkeztu dute.

Lobotomiak 11 kantu berrik osatzen dute eta Gaua estudioan grabatu da 2019ko iraila eta  urria bitartean. Aitor Abiok egin ditu doinu guztiak eta baita ekoizpena ere. Hitzak, aldiz, Iker Villak eta Iker Aginaga taldeko bi abeslarienak dira. Kide berriarekin dator gainera taldea, Guille Peña, bateria akustikoarekin, “taldeari  musikalki nahiz presentzialki, indarra ematen diona”, azaldu dutenez.

Eta zergatik Lobotomiak izenburua? Izan ere, lobotomia, garai batean, AEBtan eskizofrenia, depresioa edota gaixotasun psikikoak sendatzeko erabilitako praktika medikua zen, baina baita ere homosexualitatea, komunismoa, edota modu indibidualean edota kolektiboan bestelakotasuna agertzen zutenen izaera ezabatzeko praktika ere.

Iker Villa eta Iker Aginaga taldeko kideek azaldu dutenez, disko honetako kantuetako hitzetan lobotomia metaforikoak jorratzen dira, gaur egun Euskal Herrian ere lobotomiak praktikatzen direlako.  “Gaur egun ere, sistemak lobotomiak praktikatzen ditu bai pertsona eta kolektibo zehatz batzuen izateko modu edota ideia politiko konkretuak eraso eta ezabatzeko helburuarekin”. Hala, kantuak “iraultzarako garrasia dira, mundua apurtu digun moral salbatzaileari gorrotoa erakusteko”, gaineratu dute.

Bereziki bi kantu azpimarratu dituzte aurkezpenean. Lehena, bideo kliparen grabazioarekin batera aurkeztu duten R abestia, kulparen kontzeptuaren inguruko kantua eta lanik melodikoenetakoa, argitu dutenez. Bere hitzek kanpotik inposatutako erruak sortzen duen ezintasunaz eta horren aurkako erresistentziaz hitz egiten dute. Bideoklipak, hartara, “morrontzaren sublebazioa aldarrikatu eta irudikatu nahi du”, argitu dute taldeko bozeramaleek.

Eta bigarrena, 3,1416 kantua nabarmendu dute. ΠLT aspaldiko taldearen Hil da Jainkoa arrakastatsu eta ezagunaren bertsio eta moldaketa berezia dela nabarmendu dute eta berarekin, 90.hamarkadako taldeari euren omenalditxoa egin nahi diotela gaineratu dute.

Gainerako konposizioei dagokionez, oro har, 80. eta 90. hamarkadako elektronika eta musika estilo industrialari egiten diete keinu, rap eta metal zantzurik ere antzeman badaitezke ere. “Letra sutsu eta engaiatuak elektronikarekin uztartzea da Revoltaren musikaren mamia eta  osagai nagusia”.

Informazio gehiago ikus Baga-Biga Produkzioak web ataria.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu