EZLEKUBAT

Aireportu bat eraikitzera doaz geldituta geunden tokian

Aurreko batean, ordu txikitan, La2eko aurkezle batek esan zidan (beharbada niri bakarrik) badela estatu desberdinetako “aditu” talde bat urtero zein kolore gama gizarteratuko den aukeratzen duena. Sarri biltzen omen dira, munduko hiri desberdinetan, hurrengo urtean diseinuan, modan… zein kolore nagusituko diren erabakitzeko. Azken batean beraiek aukeratzen duten hori izango da guk ikusiko duguna, beraien betaurrekoetatik ikusiko dugu mundua.

Ezinegon nostalgikoa sortu zidan, bat-batean. Munduko ekonomiaren gora-beherak aukera ditzatela, nahi badute, nahi dutena egin dezatela diruarekin, baina… Koloreak intriga dira, koloreak lapsusa dira, lebitazioa,… koloreek duten aliterazio-eragile indarra ez du ezerk. Koloreak ezin dira azaldu. Akontezimendu opakoak dira, ez dago ezer ikusten duzunetik haratago. Hor dago, hori da; eta gezi apokaliptiko sentsible bat lehertzen da mila norabidetan begirada bakoitzeko.

Hori guztia dira koloreak, eta voilá, hauek ere jabea dute.

Dena zegoen kalkulatua gu etorri ginenerako. Artean ere, factoryen sorrerarekin, badirudi etorkizuna kateko produkzioan datorrela, Hirst, Koons eta enparauekin. Mende hasierako izpiritu salatzaile-ironikoa baztertu eta kapitalismoaren eskutik joatea erabaki dute artista garaikide entzutetsuenek, artelanak ere autoak bailiran ekoitziz.

Hemen utzi gaituzte, ia cyborg bihurtuta, baina guk ez dugu hau maite. Aireportuak eraikitzen dizkigute argazkiak ateratzera joaten ginen fabrika zaharrak zeuden tokian, eta guri hautsiari begira egotea gustatzen zaigu.

Azken asteotan ohartu naiz ez naizela ni “perfekzioaren” aurkako intifada sortu nahian dabilen buru suizida bakarra, joera bat sortzen ari baita eremu artisiko desberdinetan.

Florian Thalhofer alemaniarrak dokumentalak ikusteko programa berri bat sortu du, Korsakow izenekoa. Ez da editore arrunta; ikusleari, behin dokumentalaren atal bat ikusi ostean, nahieran ikuskatzen jarraitzeko aukera ematen dio. Fragmentazioan sinisten du, linealtasuna arbuiatuz, errealitate bakarra salatzen duelarik.

Dena den, ez da ikus-entzunezko teknologietara lerratzen “perfekzioaren” apokalipsia aurreikusten duen joera, diseinuaren esparruan pil-pilean dago.Industrializazioak sortutako kate produkzioak, eredu errepikakorrak sortu ditu, perfektuak, bata bestearen atzetik sortuak eta banatuak. Perfektua ez denaren eszepzioa lapurtu digute, ez dugu eredu artisaurik ezagutu herriko festetako ferietan ez bada.

Eragotzi dizkiguten eszepzioak biltzen ditu Heike Bolling-ek, elementu deformeak; lau besoko hartz gominolak, bata-bestearekin itsasitako globoak, kolore tipos aldatutako komikiak, biribilak ez diren kaninak… Nola maite dugun borobila eta bukatua ez dena.

Espazio itxietako dekoraziora ere iritsi da iraultza, lelo zorrotz bezain interesgarri batekin “life is not a straight line”. Bolefloor izeneko enpresa holandar honek, zuhaitzaren berezko hazteko era mantentzen ei du… nola? Oholetan ere zuhaitzaren berezko okertasunak mantenduz.

Argazkian ikusten den eran, enborraren irekidurak mantenduz, bata-bestearekin elkartzen dituzte, lurrean arbolaren zainak agertzen direlarik. Era honetan, etxe bakoitzeko zorua desberdina izango da, eurek dioten eran, bizitza ez delako lerro zuzen bat.

Guztiarekin, esan genezake sortzen ari dela zerbait, han eta hemen, klon-tasun estetikoaren aurka. Hondamenaz ohartzen ari garela dirudi.

Krisiak ere izan du zerikusia guzti honetan, produkzioa mantsotu da eta baita erosteko grina ere. Orain ikus daitezke, berriz ere, Cola Cao potoak lorontzitzat balkoietan Ikeakoen ordez.

Pare bat urte barru, beharbada, aireportuan gera gaitezke, ziur hutsik egongo dela, landareak haziko direla komun zuloetan. Argazki ederrak aterako ditugu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button