LITERATURA

Literaturaz eta irakaskuntzaz

Gaur berton, martxoak 5, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, Eztabaidak literaturarekin saioa egingo da, eta bertan Miren Agur Meabe eta Lourdes Oñederra idazleak eta Euskaltzaindiako kideak elkartuko dira. Topaketak Literatura eta irakaskuntza izenburua du eta literaturaren eta irakaskuntzaren artean dagoen harremanean zentratuko da. Ohikoa denez, topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da. Goizalde Landabaso kazetari eta idazlea moderatzailea izango da.

Literaturaren eta irakaskuntzaren inguruko solasaldia gonbidatutako idazleen esperientzia pertsonalean oinarrituko da, eta hainbat gai planteatuko ditu: literaturaren irakaskuntza eskola eremuan, gure haurtzaroa markatzen duten lehenengo testuak, eskolako eta familia giroko irakurketak, gazteen artean literaturarako interesa eta gogoa pizteko modu egokia, edo pertsona gisa hazteko literaturak duen garrantzia.

Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962) Euskal Filologian lizentziatua eta Irakasle-ikasketetan diplomatua da. Bere lan gehiena poesiaren eta haur eta gazte literaturaren ingurukoa da. Euskadi Haur eta Gazte Literatur Saria 2002an, 2007an eta 2011n lortu du, bai eta Lauaxeta Saria, Rosalía de Castro saria, eta Bilboko Liburu Azokaren Zazpikale saria.

Lourdes Oñederra (Donostia, 1958) Filologia Espainiarrean lizentziatua eta Euskal Filologian Doktorea da. Katedraduna da EHUko Filologia Fakultatean, eta Fonologia klaseak ematen ditu bertan. Eta emakumeari sugeak esan zion Literatura Sari Nazionalerako aukeratua izan zen, eta, beste batzuen artean, 1999ko Kritikaren Saria eta 2000ko Euskadi Literatur Saria irabazi zituen.

Eztabaidak literaturarekin egitarauaren helburua literaturarekin bat egiteko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin jende aurreko solasaldiak eginez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button