LITERATURA

Literaturaz bizitzeko oztopoez

Gaur, Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak antolatzen dituen Eztabaidak literaturarekin saioan, Pedro Ugarte eta Felipe Juaristi idazleak bilduko dira Vivir de la literatura o vivir del cuento izenburua eramango duen topaketa batean.  Jose Blanco poeta arituko da moderatzaile gisa, 19:30ean hasiko den saioan.

Gaurko topaketa literarioan, “idazle lanbidean sakontzeko eta literaturatik bizitzea benetan posible izatearen inguruan gogoeta egiteko eta hausnartzeko solasaldia” proposatuko da. Gai horretan sakontzeko, hainbat gai ukituko dituzte, hala nola, “idazleen helburuak eta eguneroko beharrak, ordutegi falta, ekonomiako sektore guztietan nagusi den prekarietatea, edo idazleei benetan jaten ematen eta ordaintzen dizkieten gauza materialak edo immaterialak”.

Felipe Juaristi (Azkoitia 1957) euskal idazlea ezaguna da. Bereak dira, beste batzuen artean,  Denbora, nostalgia (1985), Hiri melankolia (1987), Begi-izaiak (2004) eta Piztutako etxea (2014). 1998an euskaraz idatzitako Euskadi Literatur Saria lortu zuen Galderen geografia lanarekin.
Pedro Ugarte (Bilbo, 1963) idazle porrokatua da eta lan asko plazaratuak ditu, tartean, Los traficantes de palabras, Manual para extranjeros, La isla de Komodo, Guerras privadas edo El mundo de los Cabezas Vacías.

Dakizuenez, Eztabaidak literaturarekin egitarauaren helburua “literaturara hurbiltzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin egiten den jende aurreko solasaldiaren bitartez.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button