LITERATURA

Literatura Unibertsala bildumarako ale berriak

Gaur, urriak 19, 12:00etan eta Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan, Literatura Unibertsalerako lan berri bi aurkeztu dituzte Begoña Muruaga Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko Zuzendaria Alberto Mtnez. de la Cuadrak eta Jose Ramon Vazquez itzultzaileak, Bakartxo Arrizabalaga EIZIEko presidendeak eta, Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeetako ordezkari gisa Inazio Mujika Iraolak.

Badirudi aro berria hasiko dela nazioarteko literatura euskarara ekartzeko asmoz sortutako sailean, izan ere, hemendik aurrera Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeek plazaratuko dituzte bildumako liburuak.

Gaur aurkeztu diren lanak Jamaica Kincaiden Nire amaren autobiografia eta Herman Melvillen Billy Budd, marinela eta Benito Cereno nobela laburrak biltzen dituen liburuak dira. Jamaica Kincaid, Karibeko idazle gailenetariko bat da, Antigua uharteko St. John’s hiriburuan jaioa, 1949an.

Herman Melville (New York, 1819 – New York, 1891) idazle ezagunagoa da. Hogeita bat urte zituela baleontzi batean marinel sartu eta hegoaldeko itsasoetan ia lau urtez ibili ondoren, 1846an idatzi zuen bere lehen eleberria: Typee, eta urte bat geroago Omoo. Bere maisu lana, ostera, Moby-Dick izan zen. Halarik ere, zenbait adituren ustez, Benito Cereno Melvilleren kontakizun onenetariko bat da, baina denak ez datoz bat uste horretan.

EIZIEk Literatura Unibertsala bildumarako 153 obra itzuli ditu jada, eta hemendik aurrera, Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeek beste 50 liburu aterako dituzte bilduma horretarako.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button