LITERATURA

“Literatura Unibertsala” bildumako lan berriak

Joan den barikuan, azaroak 22, Idoia Santamaria eta Olatz Prat itzultzaileak, Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko Zuzendariak, Itziar Diez de Ultzurrun EIZIEren Lehendakariak, eta Inazio Mujika Igela eta Erein argitaletxeen ordezkariak, Literatura Unibertsala bildumako ale berriak aurkeztu zituzten Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan.

Ingebor Bachmann idazlearen Aldibereko ipuin-bilduma da argia ikusi duen lan berri bat. Idazleak bi poema-bildumari esker ezaguna bazen ere, hil ondoren arrakasta handia izan zuen irakurle feministen artean, eta gero eta arreta handiagoa jarri zitzaion haren prosazko lanari. “Emakumeek Austriako gerraosteko gizartean bizirauteko eta beren ahotsa bilatzeko egin beharreko borroka aztertzen du bere prosa-lan askotan”.

Idoia Santamaria itzultzaileak dioenez, “Paper-ertz batean egindako bozeto moduko batzuk dira ipuinok Bachmannentzat, eta, emakume batzuen erretratua egiteaz gainera, garai jakin bateko ohiturak ere erakutsi nahi izan zituen”.

Beste aldetik, Ngugi wa Thiongo idazlearen Gerra garaiko ametsak izeneko lana Olatz Prat itzultzaileak euskaratu du. “Aita bat, lau emazte eta hogeita lau senideko familia kikuyu batean jaio zen Ngugi wa Thiong’o, Limurun (Kenya), 1938an. Haurtzaro xume bezain zoriontsua darama mutikoak, britainiarren koloniaren mendean bizi denik ia ohartu gabe. Pixkanaka, ordea, aldaketa ugari hasiko dira gertatzen bere inguruan, eta, adinean aurrera egin ahala, are handiagoa izango da horien eragina bere bizitzan, urruneko itzal gisa ikusten zuen inperioaren bortizkeria eta haren kontrako altxamenduen ondorioak etxe-zokoraino sartuko baitzaizkie laster”, azaldu dute Erein argitaletxeko lagunek.

Bilduma unibertsal horren barruko argitalpenak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button