LITERATURA

Literatura eta feminismoa, “Literaktum” jardunaldietako gakoa, Donostian

Literaktumek literaturaren eta gizartearen arteko harremanetan sakondu nahi izan du beti, eta horren inguruko eztabaidak azaleratu eta partekatu. Aurtengo Literaktum programan literaturaren eta feminismoaren arteko loturak aztertuko dira. Azaroaren 11tik 24ra bitartean luzatuko dira literaturaren inguruko topaketa horiek.

Feminismoa mugimendu kritikoa gisan hartuta, “gure sistemaren kontraesan eta bidegabekeriak agerian jartzen eta desmuntatzen ditu, bazterraldeak aldarrikatzearekin eta indarrean dauden ereduak auzitan jartzearekin batera”. Hortaz, literatura eta feminismoak dituen anaitasunak eta uztarketak ikertzeko hainbat idazle eta aditu hurbilduko dira egun hauetan Donostiara. Adibidez, bihar, azaroak 12, Prosa, poesía, mujeres hitzaldia egingo dute Elvira Sastre eta Maria Sanchez idazleek Okendo Kultur Etxean. Biak, euren belaunaldiko poeta garrantzitsuenetako bi dira, eta milaka irakurle eta jarraitzaile dituzte sareetan. Orain Elvira Sastrek bere lehen eleberria argitaratu du, Días sin ti (2019ko Premio Biblioteca Breve), eta Maria Sanchezek, aldiz, Tierra de mujeres saiakera. Horren inguruko beste hitzordu aipagarri bat Lucia Baskaran, Kattalin Miner eta Eider Rodriguez idazleek burutuko dutena da: Emakumeen hitzak eta gorputzak (azaroak 20). Hor, begirada kritikoarekin eta sorkuntzaren esperientziaz baliatuta, emakumeek literaturan duten tokiaz arituko dira aipaturiko idazleok.

Horretaz gain, Literaktum 19ren programak poesiaren eta pentsamenduaren arteko lotura ere aztertuko du, edota identitate nozioa auzitan jarriko du, beste gai askoren artean.

Bertan ere, liburu berrien presentzia izango da, eta hala, Bernardo Atxagaren, Ibon Martinen eta Karmele Jaioren azken eleberriak aurkeztuko dira egunotan. Gaur berton abiatuko diren topaketetan, Bernardo Atxaga izango da gonbidatu nagusia, eta lehenengoz publikoaren aurrean, Bernardo Atxagak Etxeak eta hilobiak bere nobela berriaren gakoak azalduko ditu, Iñaki Gabarainekin solasean.

Aurten bete dira 50 urte Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako lana argitaratu zenetik. Bertan, idazlan horri omenaldia egingo zaio. Eta omenduko den beste euskal idazle bat Joxean Artze izango da,  Joxean Artze oroituz ikuskizunaren bidez.

Literaturarekin batera, antzerkia, erakusketak, filmak, mikroeztabaidak, Dickensengan inspiraturiko literatura afari bat eta Literaktum Txikia haurrentzako jarduera-programa antolatu dira.
Beraz, literaturaz gozatzeko aukera paregabea izango da datozen egunotan Donostian.

Informazio guztia, datak, tokiak, ordutegiak eta abar: Literaktum.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button