LITERATURA

Literatura bultzatzeko lehiaketak hil honetan

Literatur sorkuntza bultzatzeko asmoz, Zumaiako Udalak Kutxaren laguntzarekin Julene Azpeitia 25. ipuin lehiaketa antolatu du, eta beste aldetik, Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak Augustin Zubikarai saria. Biak ala biak, indarrean daude eta lanak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da.

Ipuinei dagokionean, lanok gutxienez 6 orrialde eduki beharko dituzte eta gehienez 15, originalak eta argitaragabeak. Lan bakoitzaren hiru ale bidaliko dira hona: Zumaiako Udala. Euskara Zerbitzua. Foruen Enparantza, 1 20750 Zumaia. Idazlanarekin batera, gutunazal itxi bat bidali beharko da, kanpoaldean idazlanaren izenburua jarrita, eta barrualdean, berriz, egilearen izen-abizenak, telefonoa, sinadura eta NANaren fotokopia.

Beste aldetik, nobelak sortzeko eta beka gisa funtzionatzen duen Augustin Zubikarai sariaren deialdian, eleberriak idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, eta argitaratu ez direnak. Hala, landu nahi den kontakizunaren azalpena, 2-4 orri bitartekoa, hala nola, argumentua, egitura, luzera eta estiloa zehaztuta bidaliko dira. Idazlanaren lagina, 15-20 orrialde bitartekoa, ez du derrigorrean kontakizunaren hasierakoa izan behar. Horretaz gainera, egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua ere bidali beharko dira. Irabazleak urtebeteko epea izango du lana Ondarroako Udalari helarazteko.

Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, sartu Ondarroako Udalaren webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button