ESZENA

Tanttaka konpainiak “Esnearen Kolorekoa” ikuskizuna estreinatuko du Arriaga Antzokian

Esnearen Kolorekoa Nell Leyshon idazle britainiarraren izenburu bereko eleberriaren antzerki-egokitzapena da, eta abenduaren 3tik 6ra, Tanttaka konpainiak Bilboko Arriaga Antzokian oholtzaratuko du. Estreinaldia euskaraz izango da. “Leyshon idazleak edertasun tragiko batez mikrokosmos ikaragarri bat irudikatu du, pertsonaia bereziz betea; hori guztia, urtaroen eta baserriko lanen konpasean isurtzen den ingurune bukoliko batez inguratua.”

Fernando Bernués da zuzendaria eta Joseba Apaolazak, Miren Arrietak, Mireia Gabilondok, Aitziber Garmendiak, Jon Olivaresek eta Jose Ramon Soroizek antzeztuko dute obra.

Oholtza gainean istorio hau ikusiko dugu: “Mary, bere familiarekin 1830eko nekazal giroko Ingalaterrako baserri batean bizi da. Ilea esnearen kolorekoa du eta hanka batean arazo fisikoa zuela jaio zen. Baina, familiaren  kondenatik ihes egitea lortzen du, bikarioaren emaztea zaintzeko neskame gisa lan egitera bidaltzen dutenean. Orduan izango du irakurtzen eta idazten ikasteko aukera. Liburuetan «marra beltz pila bat besterik ez» ikusteari utziko dio. Itzalen mundua uzten duen heinean, argiak are itsugarriagoak izan daitezkeela ohartuko da, eta horregatik, Maryri bere istorioa kontatzeko ahalmena baino ez zaio geratuko.”

Ikusleak liluratu eta hunkitu zituen liburu bat izan zen Esnearen Kolorekoa. Hain zuzen, Madrilgo Liburu-saltzaileen Gremioak 2014ko Urteko Liburuaren saria eman zion, eta Frantziako Femina sarirako proposatu zuten.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button