MUSIKA

Ayo Silver!-en hamabostaldi zoroa

Donostiako Ayo Silver! promotoreak makina bat kontzertu interesgarri eta underground ondu ditu, maiatzeko bigarren hamabostaldian, Hamabostaldi zoroa lelopean. Hasteko, larunbatean, maiatzak 17, AEBEtako Portland hiriko Woolen Men taldeak joko du, Gipuzkoako hiriburuko Le Bukowski Klubean. Kontzertuaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, bandak rock-and-rolla eta pop-a uztartzen ditu, eta Replacements talde estatubatuar mitikoarekin alderatu dute.

Astelehenean, maiatzak 19, Shannon & The Clams estatubatuarrak izango dira, Donostiako Dabadaba aretoan, The Parrots madrildarrekin batera.

Ostiralean, maiatzak 23, Ayo Silver! Bilbon izango da; egun horretan hiru talde arituko dira Backstage aretoan: Cosmonauts (AEBE), Traumahelikopter (Holanda) eta The Lookers (Iparraldea). Cosmonauts, kaliforniarrek psikodelia, pop, punk eta garage-rock erritmoak uztartzen dituzte euren proposamenean. Ahots batzuek esan dute morfina hartu duten Beach Boys-en soinua daukatela; melodiak, berriz, lisergikoak dira.

Maiatzaren 26an, astelehena, Sean Nicholas Savage kanadarrak izango da Dabadaban, eta maiatzaren 30ean, ostirala, Juanita y los Feos madrildarrak eta Girl Band irlandarrak; Girl Bandek post-punk erritmoak jorratzen ditu, eta Wire, PIL eta Jesus Lizard bezalako taldeetatik edaten du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button