Nontzeberri

Literatur itzulpena eta sorkuntza lotzen dituen zubiaz

Itzuliz usu begiak izenburuko saiakera-liburua aurkeztu zuten atzo Anjel Lertxundi idazleak, Koro Navarro itzultzaileak eta Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak.

Lan horren bidez argitaletxeak euskal literaturari buruzko gogoeta berreskuaretu nahi izan du, “literatur hizkera modernoaren etengabeko eraikuntzari euskararen ikuspegitik heltzen diona”.

Oraingo honetan, idazleak kezka artistikoan sakondu nahi izan du. “Etengabea da berarengan hizkuntza eta hizkera literarioaren balio artistiko eta estetikoari buruzko gaia jorratzeko asmoa, eta ugari eman ditu, ahoz zein idatziz, kezka eta ardura horren inguruko hausnarketak”, Eta hala, literatur itzulpena eta sorkuntza lotzen dituen zubiak hartu ditu hizketagai Itzuliz usu begiak lanean.
Lan mardula da gainera, eta ia 400 orriko liburuan, egileak euskararen inguruko gogoetak, euskara batua, euskalkiak eta txokokeria, irakurzaletasuna, haur-literaturaren arazoak, itzulpen eta jatorrizkoaren arteko dialektika edota itzulpenak hemen ez duen oihartzunak luze eta sakon aztertu baititu. Ondorioz, Koro Navarro itzultzaileak adierazi zuenez,  “obra luzea, sendoa, oparoa, konplexu-sortzailea eta atsegina. Irakurri beharrekoa; ez bakarrik itzultzaileok, baita idazleek ere, eta, oro har, euskararen eta euskal literaturaren inguruan dabilen edonork”.

Lertxundik itzulpengintzari buruzko, edo literatur sorkuntzari buruzko tratatu teoriko bat idatzi nahi izan ez badu ere, itzulpenak duen garrantziaz hausnartu nahi izan du: “Irakurleak, beraz, itzulpenik izan ezean –edo itzulpengintza eskasa izanez gero– beste hizkuntza batean ase beharko du egarri kultural berez zabal eta askotarikoa, eta horrek guztiak ondorio latzak ekarriko lituzke euskal sistema literariora eta, baita ere, euskarara”.

Exit mobile version