LITERATURA

“Linbotarren itzalak ate ostean” saioa, bihar Arriaga Antzokian

Antxon Sarasua eta Miren Fernandez musikariekin batera, Asier Serranok Linbotarren itzalak ate ostean izeneko ikuskari literario-musikala eskainiko du bihar,  otsailaren 21ean, 20:00etatik aurrera Arriaga Antzokiko foyerrean, antzokiak berak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak bultzatutako Literatura eta Musika Euskaraz zikloaren barruan.

Serrano idazle gisa ezaguna da eta baita musikari gisan. Eibarko egileak Xabier Lete III. Poesia Saria irabazi zuen Linbotarrak (Pamiela, 2016 ) izeneko obrarekin. Garai hartako epaimahai-kideek honako esan zuten aipaturiko obraz: “Linboaren metaforak besterik iradoki balezake ere, ez da hemen aingeru konturik batere. Aitzitik, arras kontu mundutarrak dira poemotan jorratzen direnak, eguneroko jokabideetatik hasi eta kritika sozial eta politikorainoko esparru guztian. Askotarikoak dira irudi poetikoak, erreferentzia eta estilo arras desberdinetakoak, eta gehienetan ageriko loturarik gabe, collage moduan uztartuak. Bestalde, ez dira gutxi poemotan agertzen diren ukitu surrealistak, eta poemategiak dezente du pop-etik edo are poesia filosofikotik ere. Ororen buru, hizkera eta irudi zuzenak erraz biltzen du irakurlea poetak egiten duen barne bidaira”. Ate osteko itzalak (Algaida, 2016) berak idatzitako beste lan bat da, eta hain zuzen ere, biotan oinarritu du burutuko duen errezitaldia.

Arriaga Antzokiaren arabera, “Antxon Sarasua, Miren Fernández eta Asier Serrano beraren ibilbidearen hamar abesti birmoldatuk osatzen dute ikuskizunaren hezurdura; eta abestien tarteetan errezitatzen dituzten poemek bidaia intimo gazi-gozora eramango dute entzulea. Hiru artisten ahotsa izango da entzungai ikuskizunean, eta baita instrumentuen bidezko ekarpena ere. Antxon Sarasuak teklatuak (programazioak barne) eta gitarra joko ditu, Miren Fernandezek teklatuak eta Asier Serranok gitarra”. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button