ARTEA

Miriam Isasiren oreka eta desorekak

Joan den ostiralean aurkeztu zen BilbaoArte Fundazioan Miriam Isasi artistaren erakusketa berria: Equilibrio inestable. Hil honen 24ra bitartean ikusi ahalko dira bere proposamenak.

Leyre Goikoetxea adituaren aburuz, Miriam Isasi prozesu-artista da. Bere proiektu askotan azken laginak, proiektu barruan egindakoak islatzen dituen erakusketak, argazki, eskultura, bideo, pintura eta askotariko teknikak baliatzen ditu, bere lanak erakusteko. Denboran zehar luzatu diren eta jarraitu beharreko bidea erakusten duten ikerketak, pentsamenduak eta lortu beharreko ideia horiek formalizatzeko modua, esperimentu batean.

Denboran luzatu den eta hipotesi batean oinarritzen den doktore-tesi batean (hots, ibilbide luzeko ikerketa batean) murgilduta dagoenez, Miriamen lan artistikoak jardunbide hori islatzen du. Beharbada horregatik, hain zuzen ere, bere azken lanetan bere modus operandia antzeman daiteke.

Bere lanen azken emaitza oso gutxitan dago prozesuaren gainetik, eta erakusketa hau ez da salbuespena. Prozesu-izaera nabarmena duten bi lan dira erakusketa indibidual hau osatzen dutenak. Bi izenburu argitzaile eta deskribatzaile: Energía robada eta No existe el delito en los procesos naturales. Bi proiektuek dute izaera soziala; kritika soziala egiten dutela ere esan genezake, eta biak dira zuzenak eta ironikoak.

Miriam Isasik, Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziaturik, Pinturaren Teoria eta Praktikaren doktoretza egin zuen. Jaso dituen azkenengo sariak hauexek izan dira: 1.go ikus-entzunezko saria Ikas-Art lehiaketan, 2011an, Bilboko Nazioarteko Arte Unibertsitarioaren Jaialdian; 2. saria Ertibil-Bizkaiako Ikus Arteetako Deialdian, 2011an; eta 3. Bideodromoa Bilboko Zinema eta Nazioarteko Bideo Esperimental Jaialdian.
Bere lanak ikusgai jarri ditu Burgoseko Espacio Tangente de la Sala Negra izenekoan, 2008an; Bilboko MA Studio Beijing 2010ean, eta Madrilgo Menosuno Espazioan, beste askoren artean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button