BESTELAKOAK

Lemoizko zentral nuklearraren inguruko saiakera

Raul Lopez Romo Historian doktoreak idatzi duen Euskadi dolutan. Lemoizko zentral nuklearra. Euskal trantsizioaren ikurra saiakera, eta Mikel Alonso argazkilariaren Lemóniz argazki-liburua aurkeztu dituzte gaur goizean EHUko Paraninfoko Bizkaia Aretoan. Bi autoreekin batera Rafael Ruzafa, Valentin de Foronda Institutuko idazkaria, eta Mikel Toral, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria ere izan dira.

“Duela 30 urte itxi zen Lemoizko zentrala eta isilik egon da urte hauetan guztietan. Gaur egun, hondakin haiek guztiek zer adierazten dute? Garai hartan gertatu ziren dramen gaineko hausnarketa bat dakar lan honek, eta era berean, etorkizunari begirada bat proposatu nahi du”, adierazi du Mikel Toralek.

Argazkien egileak bere aldetik, “oso hunkigarria izan da horra barrura sartzea”, esan du. “Tokian isiltasun mota asko topatu ditut, eta misterio handia ere bai. Porlanezko eszenografia itzela dago hor, baina era berean naturaren ekina eta permanentzia kromatismoz beterik; noski, plazer bat izan da argazki hauek ateratzea”.

Azkenik, saiakera interesgarria (eta agian polemikoa) idatzi duen Raul Lopez Romok, lan honen xedea Lemoizko zentral nuklearraren historia kontatzea izan dela adierazi du, “gakoa izan baitzen trantsizioaren garai haietan”. Romorentzat, “Lemoiz ingurumen arloko gatazka edo gatazka ekologiko bat baino askoz gehiago izan zen; gai horiek berez garrantzitsuak diren arren, bigarren mailan gelditu ziren. Oro har, Euskadi ulertzeko modu desberdinen arteko duelu politiko bat izan zen, baita gai publikoetan parte hartzeko modu desberdinen arteko borroka ere, indarraren edo hitzaren bidez parte hartzeko moduen artekoa, hain zuzen ere. Dueluak huts egin zuen zenbait arlotan, eta beste askotan, ostera, asmatu egin zuen, baina orotara, aurrerapenekin zein atzerapenekin, euskal demokratizazio zailaren metafora gisa erabil daiteke”.

Egunotan 30 urte bete dira EAEn Trantsiziotik demokraziarantz egindako bidean bereizgarri bihurtu zen fenomeno bat bukatu zela: Lemoizko zentral nuklearraren aurkako jarrera orokorra, hain justu; bada, 2012 Fundazioak, UPV/EHUko Valentín de Foronda Gizarte Historiako Institutuarekin elkarlanean, urtemuga gogoratu nahi izan du Mikel Alonsoren argazkilaritza lanaren eta Raul Lopezen saiakeraren bidez.

Gaur arratsaldean, aurkezpena izan den tokian, hitzaldia egingo dute egileek gai horren inguruan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button