LITERATURA

Hainbat ipuin eder

Elkar Argitaletxeak hainbat ipuin eder argitaratu ditu egunotan: La Belle (Uxue Alberdi eta  Bruno Hidalgo Garcia ilustratzailea), Marrubizko Uda (Karmele Mitxelena Etxebeste eta Alex Orbe Ferreiro ilustratzailea), eta Kukuaren kantua (Idoia Garces eta Mikel “Belatz” Santos ilustratzailea).

La Belle lanak honako istorio hau kontatuko du: Elkar ezagutu zuten eguna gogoan du Daniellek. Eskolatik bueltan zetorren, goseak amorratzen eta ezezagun bat aurkitu zuen etxeko barrunbean. Ateari bultza egin eta hantxe ikusi zuen, ia sorbaldaraino iristen zitzaion oihalezko maleta bati tiraka. Haur potzolo bat zela pentsatu zuen hasirean, baina, itzuli, eta frantsesez agurtu zuen: Bonjour, mademoiselle!. Daniellek, artean, uste zuen pertsona txikiak derrigor zirela umeak. Baina parean zeukana agure bat zela ulertu zuenean, Alehop!, sekulako ezustea hartu zuen. Daniellen bizilagun berria Doro zen, baina zirkuan La Belle esaten zioten.

Marrubizko Udaren korapiloa hauxe duzue: Maitek askotan pentsatzen du bere familia ez dela normala, etxean ez baitituzte, antza, gauza normalak egiten. Oporretan esaterako, beren Berlingo urdinera igo, karabana zahar bati tiraka, herri galdu bateko kanpin batera joatea besterik ez zaie gurasoei bururatu. Hori gutxi balitz, aita eta ama, iritsi orduko, txakurra eta katua bezala hasi dira. Banatzekotan daude. Maite halabeharrez dago gogotxartuta. Ustekabean, ordea, lagunak egingo ditu, eta bere egoera ez zaio horren aldrebesa irudituko.

Azkenik, Kukuaren knatua liburuan honako istorio hau aurkituko duzue: Amak ez zuen Jaxintori buruz iritzi onik: “Gure artera habia egitera etorritako hezurbeltz trenak ekarritakoa. A ze pajarua!”. Nik, baina, ez nuen ezer ulertzen, ez pajarua zer zen, ez inork hezur beltzik izan zezakeenik. Galtzamotzak bete xalotasun, artean lumatu gabeko txorikumea bainintzen. Orain, ordea, Jaxinto hil berri denean, hark txoriez erakutsitakoak gogoan, badakit bihotza habia dagoen tokian dagoela eta kukuaren portaera bizilegea baino ez dela.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button