ESZENA

Zuhaitz Gurrutxaga eta Joseba Apaolazaren eskutik, “Kreditua” Arriagan

Hiru emanaldi egingo ditu Zuhaitz Gurrutxaga eta Joseba Apaolaza bikoteak Bilboko Arriaga Antzokian, urriaren 29, 30, eta 31n, Kreditua izeneko obra eszenaratzeko. Gaur goizean, obraren gaineko xehetasunak eman dituzte prentsaurrekoan.

Jordi Galceran dramagile ospetsuaren testua da Kreditua tragikomedia, Aitziber Garmendiaren euskarazko bertsioarekin eta Fernando Bernuesen zuzendaritzarekin, Zuhaitz Gurrutxaga eta Joseba Apaolaza aktoreek oholtzara eramango dutena.

“Tanttaka taldearen azken tantta da obra hau”, esan du Apaolazak, eta “testuak berak duen kalitatea azpimarratu behar da, bere umore eta intriga guztiarekin, gaurkotasun handiko gaia jorratzen baitu”.

Obraren abiapuntua bi pertsonaiek gorpuzten dute: Banketxe bateko sukurtsaleko zuzendariak bezero baten bisita jasotzen du. Azken horren asmoa kreditu bat eskatzea da, baina zuzendariak ukatu egingo dio. Bezeroak mehatxatuko du zuzendaria eta mehatxu horretatik aurrera, bi pertsonaien bilakaera gertatuko da. “Zuzendariarena patetikoagoa izango da bestearena baino”, azaldu du Apaolazak. Izan ere, “nork daki bere mehatxua  beteko duen ala ez, eta zure bizitza hondamendira eraman dezakeen ekintza hori gauzatuko ote duen?”

Bi pertsonaiak muturreko egoera batean aurkituko dira, eta hortik tiraka, gaur egungo banketxeen jarreraren kontrako hainbat kritika haizatuko dira bertan. “Erabat inozoak ez diren kritikak”.

Diogun bezala, urriaren 29an, 11:00etan izango da lehen emanaldia; besteak, 30n eta 31n, 20:00etan, beti ere Bilboko Arriaga Antzokian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button