BESTELAKOAK

Lekeitioko Itxas Soinua XXXV. Musikaldia

Lekeitioko Itxas Soinua XXXV. Musikaldia abuztuaren 14tik abuztuaren 18ra bitartean izango da. Lau egunez punta puntako musikariak izango dira Lekeitioko Santa Maria elizan. Kontzertu guztiak 22:00etan izango dira.

Lehen egunean, abuztuak 14, asteazkena Bilbao Orkestra Sinfonikoaren txanda izango da. Emanaldi honetan Sigurjon Freyrsson biolinista gaztearen ikuskizunaz gozatu ahal izango da. Bilbon jaio zen 1991n, musikarien familia batean; biolin ikasketak bost urterekin hasi zituen Iwona Prylezcka biolin-jotzailearekin, Leioako Udal Musika Eskolan. Gaur egun, interpretazio masterra egiten ari da Olga Martinova biolin-jotzaile errusiarrarekin, Codartsen (Rotterdam).

Abuztuaren 15ean, osteguna, pianoa izango da protagonista.Carlos Goikoetxea piano-joleak ondoko lanak interpretatuko ditu: Papillons Op.2 (1831) Robert Schumannena, Barcarola Op.60 (1845) Frédéric Chopinena, Rapsodia Española (1863) Franz Lisztena, eta Cuadros de una exposición (1874) Modest Mussorgskyrena.

Hurrengo egunean, abuztuaren 16an, Bilbao Klarinet Ensemblek joko du. Taldea hasi berria bada ere, bertako kideak diren Luis Alberto Requejok, Beatriz Ortizek, Cecilia Hernándezek eta Luis San Sebastianek urteak daramatzate musikaren munduan. Taldeak duen errepertorioa biziki zabala da. Errenazimendutik hasita, Barrokoarekin eta periodo Klasikoarekin jarraituz, bitartean XX. mendeko hainbat estiloetan murgilduz  (jazz, blues, tangoa…) eta gaur egungo lanekin bukatuz.

Abuztuaren 17an, Passamezo Antico, Carlos Mena kontra-tenorearen eskutik. Eta, amaitzeko, abuztuaren 18an, azken egunean, Vocalia taldea igoko da Lekeitioko oholtzara. Vocalia emakume ahots talde bat da eta Euskal Herriko hiru lurraldeetako esperientzia handiko 28 abeslarik osatzen dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button