ARTEA

“Musika Bizian”, folk musika garaikidearen jaialdia

Euskal Herriko, Korsikako, Flandeseko eta Saharako musikariek protagonistak izango dira, urriaren 28an eta 29an, Galdakao herrian Andra Mari dantza taldeak antolatzen duen Musika Bizian Jaialdiaren III. edizioan.

Bost talde arituko dira Estaturik Gabeko Herrialdeen Arteko III. Musika Jaialdian, Musika Bizian jaialdiaren barruan. Euskal Herriko ordezkariak Anje Duhalde eta Ze Esatek! taldea izango dira. Hain zuzen ere, urriaren 28an, Anje Duhalde abeslari lapurtarrak kontzertua eskainiko du Iturrondo Plazan 21:30etatik aurrera. Berarekin, Korsikako Zamballarana taldeak joko du.

Larunbatean, urriak 29, Flandeseko Elanor taldeak, Aziza Brahim abeslari sahararrak eta Ze Esatek! banda euskaldunak kontzertua eskainiko dute. Gainera, bi egunetan kale animazio musikalak izango dira. Hala, Burrunba Elektrotxaranga talde gipuzkoarraren musikak alaituko ditu Galdakaoko kaleak urriaren 28an, eta 29an, Taberna Ibiltaria taldea izango da bere musikarekin herriko kaleak alaituko dituena.

Musikaz gain, azoka eta tailerrak ere egongo dira. Euskal musika tresna tradizionalen inguruko erakusketa antolatu da; hala, Luthier azokan, herritarrok instrumentu tradizional desberdinak nola egiten diren ikusi eta ezagutu ahalko dituzte bertatik bertara, eta instrumentu egile desberdinak gerturatuko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button