MUSIKA

Anestesia, disko berria eta aurkezpen bira

Zarauzko Anestesia metal eta hardcore talde ezagunak Zirkulutik espiralera izenburuko disko berria argitaratuko du laster, Terapia kaleratu eta zortzi urtera.

Ibon Esteibar (ahotsa), Dani Aizpurua (baxua), Imanol Beloki (bateria) eta Kazalis (gitarra) laukoteak hamahiru kantu grabatu ditu estudioan, batzuk diskotik kanpo geldituko diren arren. Diskoa otsailean izango da kalean, eta lehendabiziko zuzeneko aurkezpena otsailaren 7an izango da, Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrikan, izan ere, diskoan gaztetxe horri buruzko Amets Fabrika doinua bildu dute.

Diskoan taldearen ohiko ezaugarriak antzeman daitezke: abiadura handia, ahots guturalak, erritmo aldaketak eta hitz kritikoak. Hitzen harira, Fermin Muguruza, Jon Gerediaga eta Doc Arritmiak hiru kantutako hitzak idatzi dituzte.

Grabazioa berriaren aurkezpen bira ere lotu dute zarauztarrek: Otsailaren 28an, Durangon egingo den 40min Rock ekimenean parte hartuko dute; martxoaren 7an, Bilboko Kafe Antzokian izango den Arrosa irrati sarearen festan; martxoaren 21ean, Miarritzeko Atabal aretoan; apirilaren 25ean, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan; maiatzaren 30ean, Hendaian egingo den presoen aldeko jaian; ekainaren 13an, Azkoitiko Herriko plazan; eta bukatzeko, uztailaren 16tik 18ra bitarte, Galizako Viveiro herrian egin ohi den Resurrection Fest jaialdian.

Jarraian, Zaborra gara kantu berriaren bideoa:

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button