IKUS-ENTZUN

ZINEBI edo mundu osoko filmen habia

ZINEBIk datorren hilaren 15ean abiatuko du bere 55. edizioa. Aurtengo ekitaldiaren osagarriak, Ernesto del Río ZINEBIko zuzendariak eta Luis Eguiraun ZINEBIko programatzaileak jorratu dituzte gaur, Bilbo Udaletxeko prentsaurrekoan.

Egun horretan bertan, eta ohi denez, lehiaketan parte hartuko duten euskal film laburrek zinemaldiaren ateak zabalduko dituzte. Egun berean ere,  Agustín Díaz Yanes zinegileari ohorezko Mikeldia emango zaio.

Ikusten zailak diren bestelako filmak eta dokumentalak bilduko ditu aurten ere Zinebik, zinemagintzaren gaineko foro itzela osatuz eta inoiz baino nazioartekoago bilakatuz, izan ere, hiru mila lan baino gehiago jaso baitira lehiaketarako toki guztietatik (Belgika, Argentina, Brasil, Alemania, Portugal, Frantzia, Txile, Polonia herrialdeekin batera, Qatar, Japonia, Pakistan, Kamerun Etiopia, Portugal, eta abar). Horietatik guztietatik, Sekzio Ofizialean lehiatzeko 67 film aukeratu dira. 8 bertokoak dira (Borja Cobeagaren Democracia, Aritz Morenoren Cólera, Jesús Pueyoren Sonic Trash, Miguel Ángel Refoyoren 3665, Kepa Sojoren Loco con ballesta, Asier Altunaren Zela Trovke, Izibene Oñederraren Hotzanak, for Your Own Safety eta Alberto Vázquezen Sangre de unicornio) eta beste 11 Estatuan ekoiztutakoak.

ZINEBI hainbat sekziok osatzen dute: Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi sailean, Álvaro Fierroren eta Joseba Gorordoren 160 metros: una historia del rock en Bizkaia dokumentala ikusi ahalko da osorik; nazioarteko epaimahaikide diren zinegileen lan azpimarragarrienen erakusketa ere eskainiko da (kideak honako hauek dira: Pernille Rose Grønkjær (Danimarka), Salomé Lamas (Portugal), Oliver Laxe (Espainia), Marcela Zamora Chamorro (Nicaragua-El Salvador) eta Itziar Okariz donostiarra); Beautiful Docs. Munduko dokumental luzeen panorama zikloa ere programatu da bigarren urtez. Dokumentalaren inguruko 13 lan pantailaratuko ditu ziklo potente honek.

Lehiaketatik kanpo, ZINEBI 55ek fikzio, dokumental eta animazio film laburren lagina eskainiko du Golem-Alondegia Zine aretoetako Auditorioan. Horrela, InfoEuskadi-k 18 euskal ekoizpen lan erakutsiko ditu; InfoSpain-ek 21 film; eta amaitzeko, InfoWorld sekzioak, 15 herrialdetatik etorritako nazioarteko 20 film labur ikusteko aukera eskainiko du.

Hauez gain, Zinebilab, Zineskola, Interpreteak Zuzendari saila, Espectador in fabula, Paulino Viota zinegile kantabriarraren filmografia osoaren DVD baten argitaralpena, FAS Zineklubaren lankidetzari esker Éliane de Latour dokumentalgile frantsesaren begirada berezia, Tanta bat. Mundu bat. Eskubide bat kanpainarekin bat eginez proiekzioak itsasadarraren gainean, eta abarrekin gozatzeko abagunea izango duzue.

Egitarau potoloa zehaztu nahi baduzue, egin klik hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button