ESZENA

“Lautan Hiru antzerki txikia, festibal handia” egitasmoaren bigarren edizioa

Lautan Hiru antzerki txikia, festibal handia egitasmoaren bigarren edizioa aurkeztu dute gaur goizean Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Berrikuntzaren bat programatu badute ere, formatu txikiko antzerkia izango protagonista beste behin, lau egunetan, eta lau espaziotan egingo diren hiru emanaldirekin. Bilboko Zazpi Kaleetako lau toki ezberdinetan ikusiko dira pieza bereziak: ZazpiKatu gaztetxea, Cafe Bar Bilbao, Euskaltzaindia eta BIRA kulturgunea.

Lautan Hiru antzerki txikia, festibal handia jaialdia otsailaren 6an hasiko da, eta lau astez antzerkiaren molde berriak erakusteko zirrikituak bilatuko ditu ekimenak, euskarazko antzerkia hauspotzeko, eta nola ez, sortzaileei beren lanak erakusteko guneak eskaintzeko. Beste aldetik, Bilboko Zazpikaleetako euskal giroa adierazpen kultural horren bidez berotu eta sustatu nahi dute antolatzaileek.

Hortaz, ostegunero, hiru pieza edo formatu txikiko lanak erakutsiko dira hiru espaziotan. Antzezlan batzuk ezagunagoak dira beste batzuk baino, antzerki zirkuituetan baitabiltza, baina guztiak interesgarriak izango dira, ezbairik gabe. Oro har, 20-30 minutuko piezak badira ere (luzeagoak diren pieza bi ere programatu dituzte), aurten magia, klown, eta ipuin kontalari bat ere programazioaren baitan izango dira. Zaleek bonoak izango dituzte eskuragarri, eta sarreren prezioa merkea izango da oso. Gainera, ikusleen artean ere opari bereziak zozketatuko dituzte antolatzaileek.

Otsailaren 6ko emanaldiak honakoak dituzue: Cecilia Paganiniren Lolipop pieza, Euskaltzaindian, 19:00ean; Salaketa Cafe Bar Bilbao Antzerki saria izan dena taberna horretan irakurriko da era dramatizatuan, 20:00etan; azkenik, BIRA kulturgunean, Maixuaren edari miragarria izeneko pieza eskainiko du Ituño magoak, 21:00etan.
Otsailaren 13an, 19:00etan, eta Cafe Bar Bilbaon, Orbangabe egingo du Mikel Martinez aktoreak; Euskaltzaindian izango da hurrengo saioa: Amatxik dixit (Goitibera konpainia)    19:45etan; eta gero, 20:45etan, Zazpi Katun, Manifestu bat (Miren Tirapu) pieza.
Otsailaren 20an, Edipo eta Yokasta (Irati Agirreazkuenaga/ Arantzazu Sanz) ikusgai izango da Euskaltzaindian, 19:00etan; geroago, 20:00etan, eta Zazpi Katun, Bakean dagoena bakean utzi (Idoia Torregarai/ Mirari Martiarena); azkenik, 21:00etan eta BIRA espaizioan ETAren agiri bulegoa egingo dute Galder Perezek eta Ane Zabalak.
Azken egunean, otsailaren 27an, Baubo (Beatriz Egizabal ipuin-kontalaria) izeneko emanaldia izango da Euskaltzaindian, 19:00etan;  20:00etan, Zazpi Katun, Panpina (Erika Olaizola); eta 21:00etan, BIRAn, Hiltzen zarenean (Telmo Irureta). Horren ostean amaiera gisan,  Yogurinha Borovak festa egingo du.

Bestelako datuak: Euskaltzaindia

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button