LITERATURA

Lauaxeta, olerkaria, kazetaria eta itzultzailea

Bilbao 700 Fundazioak argitara eman du Jon Kortazarrek idatzitako Esteban Urkiaga “Lauaxeta”, El Nuevo Odiseo liburua, Bilbogileak-Memoria de Bilbao bilduman. Liburu honek Mungiako olerkariaren bizitza eta lanak aztertzen ditu, eta kazetari, olerkari, itzultzaile eta politiko gisan ere aurkeztu da.

Esteban Urkiaga Lauaxeta, 1905eko abuztuaren 3an jaio zen Laukizen. Jesuitekin ikasi zuen Durangon, Azpeitian eta Oñan, toki horietan hasi zen euskarara hurbiltzen eta haietan ezagutu zituen beste idazle ezagun batzuk ere, hala nola Andima Ibiñagabeitia eta Pío Montoya. 1931n argitaratu zuen bere lehen olerki liburua, Bide barrijak, eta 1935ean bigarrena, Arrats beran. Era berean, lan handia egin zuen euskarara itzultzen Europako obra klasikoak eta abangoardistak, adibidez Federico Garcia Lorcaren hainbat liburu. Baina Lauaxetak kontraesan bikoitz batean murgildurik igaro zuen bere mundualdi laburra. Kontserbadorea zen pentsamenduz eta berritzailea estetikan eta literaturan, mundu berriak sortzeko gai baina pentsamenduz ortodoxoa. Kontserbadorea izan eta, halere, poesia modernoa idatzi zuen; katoliko konprometitu eta praktikantea, baina barkamenik jaso ez zuena epaitua izan zenean.  Gerra Zibila hasi eta 1936ko Euskadiren Autonomia Estatutua onartu zenean, Eusko Jaurlaritzarekin lan egin zuen, propagandako arduraduna izan zen hainbat argitalpenetan eta Intendentziako komandante. 1937ko apirilaren 29an Gernikara joan zen itzultzaile gisa, Kondor Legioak hiria bonbardatzean eragindako kalteak erakustera Frantziako gerra-korrespontsal batzuei. Orduan tropa frankistek preso hartu zuten, Gerra-kontseilua egin zioten, eta heriotzara kondenatu zuten. Handik bi hilabetera, Gasteizko Santa Isabel hilerrian fusilatu zuten.

Bilbogileak-Memoria de Bilbao bildumaren orrietan ideologia eta esparru aski desberdinetako pertsonaiak ageri dira ikuspegi ireki eta integratzaile batekin: artistak, politikariak, zientzialariak eta kultura arloko pertsonaiak, eta abar.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button