MUSIKA

“Lau xiberotar kantan ari” izeneko saioa, Iruñean

Gaur, Iruñeko Erraldoien txokoan, 20:30ean, eta aurtengo Kantu eta hitza ekimenaren barruan, Jean Bordaxarren kontzertua programatu da. Bertan Lau xiberotar kantan ari izeneko saioa eskainiko du Jean Bordaxarrek Robert Larrandaburu, Jean Pierre Luro eta Dominique Urruty lagunekin batera.

Jean Bordaxar abeslari, dantzari eta aktore zuberotarrak “euskal kanta herrikoiak interpretatzeko modu bat bultzatu du, tradizioaren eta modernitatearen arteko zubi bat eratuz”. Bi disko argitaratu ditu, Adiskideer (1999) eta Aitzina (2003).
Kantatzeaz gain Zuberoako antzerki tradizioari bultzada eman dio eta bi pastoral idatzi ditu, Telesforo Monzon (2011) eta José Mendiague (2012). Gaur egun buru belarri dabil udan Maulen antzeztuko den Belako zaldüna pastorala idazten.

Formatu txikiko kontzertu horretan, Quebecen, Kalifornian eta Parisen aritu den talde honetako lau kantariek Zuberoako ohiko kantuen edertasun osoa zabalduko dute. Herriei eta bertako herritarrei buruz aritzen diren kantuak interpretatuko dituzte, a capella, lurralde miresgarriaren kantuak, herri estiloan emanak.

Datorren asteko ostegunean, ekainak 28, Kantu eta hitza ekimenaren azken kontzertua izango da: Lumi taldeak Mintzo ilunak aurkeztuko du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button