ARTEA

Lau erakusketa, Zarauzko Argazki Bileran

Urteroko legez Zarauzko Photomuseumek Argazki Bilera aurkeztu du. Edizio honetan, aurrekoetan bezala genero fotografiko desberdinak eskaintzen dira. Hori guztia, argazkigintzaren posibilitate zabal bezain desberdinak publikora hurbiltzeko helburuarekin. Halaber, Zarauzko areto desberdinetan urtero bezala beraien erakustokiak uzten dituzte ekimen honetan parte hartzeko.

Hala, Photomuseumen bertan, Juan Muguruzaren Azalak erakusketa dago ikusgai. Egilearen hitzetan, “egun batean, Nafarroan, tximistak batek erretako haritz zahar bat aurkitu nuen zelai batean. Bertan zuraren ehundurak ikusten ziren, kolore sotilak,  Gustave Dorék margoztutako formak ziruditen, ezusteko munduak. Liluratuta,  gogotsu ekin nion argazkiak ateratzeri”.

Sanz Enean, halaber, Bilera 25 urte geroago izenburuko proposamen kolektiboa paratu dute: “1992. urtean Zarauzko Sanz-Enea kultur etxean aurkeztu zen Photomuseum. Argazki museoaren eskema izeneko erakusketan parte hartu zuten egileen lanen lekukotasuna erakusten digu”.

Zazpi galerian, bestalde, Alvaro Ledesmaren Uholdearen Ondoren erakusketa dago ikusgai. “Egileak ez du ezer aldatzen, ez du kopiatzen eta itsasten, ez ditu objektuak inon jartzen, ez ditu lekuz aldatzen, ezta pilatzen ere; soil-soilik bere begirada erabiltzen du, eta pazientzia osoz itxaroten du osagai guztiak beren lekuan egon arte”.

Azkenik, Torre Luzean, Daniel Sanchez argazkilariaren Tokibanatutako Mundua paratu dute. “Tokibanatu, zatitu, banatu, antolatu, sailkatu eta moldatu egiten dugu. Den-dena eta eremu guztietan: etxebizitzak, poligonoak, soroak, hilerriak, aisiako  lekuak…Gure obsesio sistematikoari, mundu hau kutxatila erraldoi bat bihurtzekoari, ezerk ez dio ihes egiten”,

Informazio gehiago: photomuseum.es.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button