Nontzeberri

Lau bertso-saio ondu ditu “Bilbaouda2020” programak

BilbaoUda2020 programazioan, beste kontu askorekin batera, bertsogintzak bere protagonismoa izango du. Hala, saio bana izango da Santutxuko Basarrate landan, Euskal Museoko atarian, Bidebarrieta liburutegian eta Deustuko San Pedro plazan, uztailean eta abuztuan.

Lehenengo bertso saio berezia uztailaren 15ean izango da, bihar, Bilboko Euskal Museoaren Atarian. Bertan, Miren Amuriza bertsolariak eta Askoa Etxebarrieta dantzariak bertsolaritza eta flamenkoa uztartuko dute Gorria izeneko emanaldiaren bidez. Ikuskizunean, “biak ala biak arituko dira kantuan eta dantzan, nor bere hizkuntzarekin, eta, hala, kode konpartituak eraikiko dituzte bientzako funtsezkoa den molde batetik abiatuta: kopla. Sinbologia gorria erabiliko dute hari gisa (bizitza eta heriotza, arriskuak eta debekuak, karga ideologikoa, lotsa, desira…)”.

Hurrengo egunean, uztailak 16, bertso-saio bat izango da Santutxuko Basarrate Landan Euskal Herriko bost finalistekin: Julio Coto, Iñaki Viñaspre, Sustrai Colina, Onintza Enbeita eta Beñat Gaztelumendi.

Hurrengo hitzordua abuztuaren 19an izango da, Bidebarrietako liburutegian. Gune horretan, literatura eta bertsolaritza bateratuko dituzte Maialen Lujanbiok, Unai Elorriagak eta Karmele Jaiok. Idazleek pasarte literarioak irakurri ondoren, hari loturiko gaiak proposatuko zaizkio bertsolariari.

Lau hitzordu horien ostean, abuztuaren 26an izango da azkena, Deustuko San Pedro plazan. Han izango da Ez da kasualitatea izeneko saioa,  Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeitak burutuko dutena. ikuskizun honetan, lau bertsolariak eta gai-jartzailea emakumeak dira, eta apropos, gainera. Horretxegatik izenburu hori, gehienetan gizonezkoak baizik ez direlako aritzen saioetan.

Exit mobile version